Arrankudiaga-Zolloko Udalak antolatutako hainbat ikastaro hasiko dira aste honetan. Eskaintza anitza izan da eta herritarren erantzuna ere horren neurrikoa, zalantza barik. Datu batzuk aipatzearren: aerobic, gimnasia lasaia, areto dantzak, pilates, egurra lantzeko ikastaroa eta euskal dantzak dira eskainitakoak, eta ehun lagun inguruk egin dute matrikula hurrengo hiruhilabeterako. Guztira, hamar talde ezberdin osatuko dira. Zentzu honetan, aipagarria da euskal dantzek izandako arrakasta; izan ere, eskainitako lehendabiziko aldia izanik, hogeita zortzi lagunek egin dute matrikula udaletxeko bulegoan. Ordutegiak goizez edo arratsaldez izango dira, ikastaroaren arabera, eta, % 80ko asistentziarekin, aldez aurretik ordaindutako diru kopuru bat bueltatuko zaie partaideei. Era berean, udal babesarekin eskainitako yoga ikastaroa datozen egunetan hasiko da ere.
Hizkuntza arloari dagokionez, euskara eta ingeles ikastaroak eskaini dira herrian. Lehenengoa azaroan hasiko da eta udaletik bideratuta egongo da. Bertan, hiru maila ezberdin proposatzen dira: oinarrizkoa, ertaina eta mintza praktika lantzeko hirugarren maila bat. Ingeles ikastaroa, berriz, Guraso Elkarteak antolatzen du eta hasita dago jada.
Eskaintza eginda eta jendea apuntatuta jada, dena prest dago, beraz, Arrankudiaga eta Zolloko herritarrak mintzatzen eta gorputza astintzen hasteko!