Uztaila bukatzear bada ere, otsailetik greba mugagabean aurkitzen diren Tubacexeko langileek grebarekin aurrera jarraitzea eta enpresaren baldintzak ez onartzea erabaki dute. Enpresak helegitea mantenduz gero, langileek greban iraungo dutela adierazi dute eta 168 egunen ostean lanpostuen defentsan berresteak haien duintasuna agerian uzten du.
Tubacexeko lanpostuen aldeko borrokak, eskualdeko egoera ezagutarazteaz gain, analisirako ikusmolde ekonomiko eta politikoak mahaigaineratu ditu. Zenbait mugimenduk krisiaren, pandemiaren zein ziklo ekonomiko eta politiko berriaren gaineko ulerkerak eta proposamenak plazaratu dituzte. Ulerkeren artean, krisiaren izaera koiunturala eta gatazkaren izaera lokala defendatzen dutenak nabarmentzen dira. Bestalde, proposamenei dagokienez, berrindustrializazio politika berriak eta instituzio burgesen bitartekaritza. Beharrezkoa da beraz, auzi hauek problematizatzea eta egoera gainditzeko aukeretatik nola urruntzen gaituzten adieraztea.
COVID-19a bezalako egoera konplexu baten azterketak seriotasun maila handia eskatzen du. Horregatik, hasieratik, Mugimendu Sozialistak trataera berezia eta jarraitua eskaini dio pandemiak eragindako testuinguru berriari. Horrek, zentzu komuna problematizatzea ekarri du. Zentzu komunak adierazten digu pandemiaren agerpena krisia baino lehenagokoa izan zela. Hau da, 2007ko atzeraldia gainditu osteko krisi berri baten aurrean aurkitzen omen ginela, alegia. Azterketa hori nagusi izan da alderdi eta mugimendu ezberdinen artean.
Aldiz, Mugimendu Sozialistak ertain klasearen bizimoduaren galera progresiboa eta Ongizate Estatuaren premisen murrizketa pandemiaren agerpenaren aurreko fenomenoak zirela defendatu du. Hau da, krisia aurretik emana zetorrela eta pandemiak aldez aurretik zeuden joera horien areagotzea eta azkartzea ekarri duela. Fenomeno hori guk proletarizazio prozesu modura definitu dugu eta pandemian zehar frogatua geratu da, modu are eta basatiago batean. Hau, beraz, ez da krisi koiuntural bat.
Behin birusa agertzean, osasun-egoera kudeatzeko gaitasuna eduki duen agente bakarra burgesia izan da. Horren ondorioz, urte eta erdi honetan oligarkia finantzariaren, politikari profesionalen eta burgesia handiaren diktadura pean bizi izan gara. Horren funtzioa, kapitala metatzea ahalbidetuko zuen testuingurua bermatzea izan da eta horretarako salbuespen egoera bat agindu zen. Denbora tarte guzti honetan gizarte-eredu totalitario batera hurbildu gaituzte. Bitartean, proletariotza osasunarekin zerikusi gutxi zuten neurri arbitrarioekin bizi behar izan da. Mugikortasunerako, sozializaziorako eta antolaketa politikorako aukerak mugatu edo debekatu zaizkio; oinarrizko eskubideen urraketa bizi izan du; eta jazarpen poliziala zein kontrol sozialaren areagotzea pairatu ditu. Gainera, sektore proletarizatuenen —bereziki gazteri langilea— kontrako kriminalizazio kanpainak babestu dira, baita errepresioaren beharra defendatu ere, beti ere ordena burgesa mantentzeko eta alderdi politiko guztien onespenarekin. Aldiz, osasun-hondamendia gelditzeko ezintasuna agerian geratu da behin eta berriz.
Era berean, burgesiak, gastu murrizketa helburu izanik, lan-baldintzen eta eskubideen urraketa gauzatu du errentagarritasuna mantentzeko asmoz. Lanpostuen suntsipenaz gain, are eta baldintza kaskarragoak eta malguagoak ezartzen ari da. Irabazi-tasa eta gainbalioaren erauzketa handitzea dira burgesiaren azken helburuak eta krisiaren ondorioz kapitala berrantolaketan aurkitzen da. Lekualdaketa prozesua agerikoa da eta industria, errentagarritasun bila, azken hamarkada luzeetan periferiako herrialdeetan berrantolatzen ari da [1]. Pandemiak beraz, ez du krisia sortu; burgesiak, ostera, pandemiaren testuinguruan berrantolaketa gauzatzeko testuinguru totalitarioa baimendu du behar adina moldaketa gauzatzeko.
Aiaraldean horren adibideak topa ditzakegu. Laudio eta Amurrio EAEko langabezia tasa altuenetarikoa duten udalerriak dira, baina baita iraupen luzeko langabetuen kasuan ere. Gazteen eta emakumeen lan-munduratzeak ere zailtasunak erakutsi ditu eta pobrezia adierazle guztiak igo dira [2]. Beraz, pandemiaren aurretik pobretze prozesuak Aiaraldean agerpena egin zuen, nahiz eta pandemiak hau areagotu duen. Hori gutxi balitz, hemen ere askatasunen eta eskubideen kontrako erasoak orokortu dira: Tubacexeko piketeetako jazarpena poliziala kasuak, sozializazio esparruetan presentzia polizial itogarria eta espazio hauen itxiera, baita antolakuntza politikorako espazioena ere —Laudioko Gaztetxea kasu—, ekimen politiko eta kulturaletarako debekuak eta traba burokratikoak edota Laudioko txertaketa gunearen itxiera. Kasu hauek guztiak, Aiaraldean ez ezik, eskualdez eskualde jazo direnak, aipatu gizarte-eredu totalitariora hurbiltzen gaituzte.
Burgesiak erabaki du zein izango den hurrengo urteetako bizi eredua: pobrezia orokortua, eskubide zein askatasunen indargabetzea eta Estatu Poliziala. Alderdi politiko guzti guztiek kapitalari men egin eta bizi-eredu hori baimentzen dute parlamentuan, baita udaletxe zein administrazio ezberdinetan. Izan ere, kapitalismoa fase aldaketa batean aurkitzen den honetan, krisi kapitalistak ekoizpen-ziklo berri baterako oinarriak zehazten ari da. Ongizate Estatuaren paradigma historikoa agortu eta paradigma berria askatasun ezan eta pobrezian oinarrituko da.
Krisiaren irteera beraz, ezin da sozialdemokraziak aldarrikatzen duen berrindustrializazio politika berri batetik pasa. Horrek ez lituzke ekoizpen-harremanak aldatuko eta burgesiaren diktadura ekonomikoa mantenduko litzateke. Bestetik, administrazio burgesaren esku-hartze bat eskatzea, proletariotzaren askatasun eta eskubideak ezabatu dituen instituzio burgesaren menperakuntza handitzea da. Estatua eta bere administrazioa ez dira agente neutralak, burgesiaren dominazioa ezartzeko aparatuak baizik. Horrela frogatuta geratu da azken urte erdian, kapitalaren interesen alde agintzen eta proletalgoa menderatzen. Esku-hartzea gertatuko da baldin eta burgesiak bere klase posizioa indartzeko aukerak aurkitzen baditu, inoiz ez langileen ongizatea lehenesten duelako.
Beraz, sozialdemokraziak kapitalismoaren barnean aurkitzen du bakarrik egoera honi aterabidea. Ez ditu ekoizpen-harreman kapitalistak zalantzan jartzen, ezta burgesiaren dominazioa ere. Sozialdemokraziak soilik bere salbazioa du helburu eta horretarako proletariotzaren askatasun errealaren kontra egiten du. Dominazio kapitalista zuritzen du eta bere forma-politiko estatalaren parte da. Haren programa politikoa kapitalista da, proletariotzaren interesen aurkakoa.
Kapitalismoa gainditzeko asmorik ez duen programarik ez du langileriaren askatasuna ekarriko, kontrara, lanaren eta kapitalaren arteko harremanean giltzapetuko du langileria. Hortaz, eskualdeko langileriaren etorkizuna antolakuntza komunista hedatzeko gaitasunen araberakoa izango da. Komuniston lana da proletariotzaren antolakuntza indartzen jarraitzea eta miseriara kondenatzen gaituen botere burgesa borrokatzea.
[1] Kapitalaren berrantolaketa prozesuan eta horrek Aiaraldeko industrian hartzen duen forman sakontzeko: https://twitter.com/iruntzi/status/1400070166415876097
[2] https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1625820620153-pobreziak-gora-egin-du-aiaraldean-azken-bi-urteetan