Egongo diren 39 logeletako batean ostatua erreserbatu edo bainuetxe berriko zerbitzuak jasotzeko aukera egongo da: ongizate tratamenduak, zirkuituak, gimnasioa edota fisioterapia saioak.
Kafetegia eta jatetxea ere irekiko dituzte, ospakizunak edo ekitaldiak antolatzeko hainbat erabilera anitzeko espazioekin. Nabarmentzekoa da zerbitzu horiek ez direla soilik zuzenduta egongo Urduñara datozen bisitarientzat, hiriko herritarrak ere baliatu ahalko dituzte eta.
Proiektua kudeatuko duen enpresak, Orduña Gestión H72, S.L., Areatzako Bainuetxeko eskaintza osatzea du helburu.
Hala ere, dagoeneko zabalik dago jatetxean, hotelean edo ekitaldien arloan erreserbak egiteko aukera: info@hotelordunaplaza.com e-posta helbidera idazteko aukera dago informazio gehiago jaso edo erreserbak egiteko.
Bizitza berria
Proiektu hori gorpuztu da Urduñako Udalak burutu duen bilaketa aktiboaren ondorioz bi lizitazio hutsik geratu ondoren.
Orduña Gestión H72 S.L. enpresarekin lortutako akordioak jasotzen du enpresak hilero ordainduko diola tokiko erakundeari kopuru finko bat eta aldakorra den beste bat -dituzten irabazien arabera kalkulatutakoa- eraikin publikoa erabiltzeagatik.
Halaber, ezarri da 3 urtez ez dutela hori ordaindu beharko. Erabakia hartu da enpresak 2 milioi euroko inbertsioa egin behar izan duelako obra eta altzarietan zerbitzua abiatzeko. 2022. urtera arte ere beste 2 milioi euroko inbertsioa egin behar izatea aurreikusi dute zerbitzua osatzen joateko