Asteazkeneko udalbatzan onartu zen hitzarmena gauzatzea. Urduñako Udalak prentsa oharrean zabaldu duenez, 2018ko udaberrian irekiko dute berriro bainuetxe-hotela. Aurreratu dutenez, alokairu kontratua egingo dute hitzarmena sinatu aurretik. Izan ere, eraikin historikoa Urduñederra S.L-rena da.
Udalak positiboki baloratu du urratsa: "Kontratua eta hitzarmena hilabete luzez egindako lanaren emaitza dira. Aurreikuspenaren arabera, 2018ko udaberrian irekiko ditu ateak hiriko hotelak". Erabilerari dagokionez, turistei bideratutako zerbitzuak eskainiko dituzte eremuan, baina urduñarrentzako baliabideak ere bai.
Idoia Aginako alkatearen esanetan, hitzarmena prestatzen ari dira dagoeneko: "Gauzak aurreikusi bezala badoaz udaberrian zabalduko da Aduana". Urduñarrei begirako guneak eta zerbitzuak ere atondu nahi ditu enpresak. "Kudeatzailearen asmoa herritarrei ere zerbitzuak eskaintzea da; kirol alorrean, batez ere", erantsi du.