Jaiak hiritar guztientzat dibertsio-uneak dira eta maiz gizarte-arauak malgutu egiten dira. Horren ondorioz, jaiak ere badira izaera eta larritasun desberdineko eraso sexistetarako espazioa. Horren aurrean, Udalak nabarmendu nahi du pertsona guztion arteko errespetua bermatu behar dela eta tolerantziaren aldeko jokabideak aldarrikatu behar direla.
Urduñako kanpaina sortu da jarrera eta portaera sexisten prebentzioarekin eta horiek desagerraraztearen aldeko konpromisotik.
Halaber, egoera horien aurrean hiritarrak sentsibilizatu eta haien erantzuna aktibatzeko helburua ere badu ekimenak. Horretarako hainbat elementu prestatu dira. Maiatzaren 5ean, larunbatean, 20:30etik 23:30era Beldur Barik Gunea egongo da Foru plazan.
Gainera, hiriko kale eta jai espazioetatik photocall mugikorraren 2. edizioa ibiliko da, herritarren argazkiak jasotzeko. Txosna, gazte lonja eta tabernetan ere identifikatzen diren eraso sexistak salatzera animatzeko pegatinak banatuko dira. Herritarrek ere eraso sexisten aurkako pegatinak janzteko aukera izango dute.
Horrez gain, eta berrikuntza moduan, Berdintasun Arloak jaien berdintasunaren diagnostikoa gauzatuko du aurten. Emaitzaren berri emango dute jaiak bukatu ondoren, eta 2019ari begirako hobekuntzak proposatuko dituzte.
Arriskuak murrizteko, bestetik, alkoholaren kontsumoari lotutako arriskuak zein sexu harremanetan egon daitezkeenak murrizteko helburuarekin, beste behin “Arriskurik gabe hobeto” kanpaina burutuko da Otxomaioetan. Hori bultzatu dute Gizahezkuntza eta esku-hartzerako lantaldeak (GHEHL) eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek.
Horretarako alkohol neurgailuak eta kondoiak banatuko dituzte txosnetan. Halaber, informazio erregletak ere egongo dira eskura. Horien bitartez jaso daiteke alkoholaren eta bere eraginen inguruko informazioa, kontsumo arduratsua sustatzeko. Bukatu arte banatuko dira doan.