Otxomaio jaiak bukatu berri dira eta Urduñako Udalak oso balorazio “positiboa” egin du. Eriz Pérezek, Kultur eta Jai Arloko zinegotziak nabarmendu du “beste behin, ospakizunek parte hartze handia izan dutela eta ez dela istilurik egon”. Halaber, Udalak azpimarratu du ez dela eraso sexistarik egon.
Pérezek ere eskerrak eman nahi izan dizkie Otxomaio jaietan eskuzabalki lan egin duten talde eta pertsona guztiei, izan ere, “haien lanari esker ez da ekitaldirik bertan behera utzi, nahiz eta jaietako azken egunetan eguraldia ez den oso atsegina izan”.
Parte hartzeko deia
Hiriko kultur zein kirol taldeek eta Udal ordezkariek osatzen duten Jai Batzordeak Urduñako herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ospakizunen inguruko iritzia ematera.
Horrela, balorazio mezuak jasoko dituzte zikoina@urduna.com e-posta helbidean zein Alondegian, horretarako berariaz eskuragai jarriko diren orrietan. Iritziak ekitaldiei zein bestelako alderdiei buruz izan daitezke: segurtasuna, kokapena, ordutegiak, etab. Hurrengo urteei begirako ideiak ere jasoko dira.
Jai Batzordea maiatzaren 24n bilduko da eta egun horretan egingo dute balorazio ofiziala herritarrek helarazitako iritziak aintzat hartuta.