Mundu mailako osasun-arriskuen aurrean tokiko elikadura, kalitatezkoa eta iraunkorra babestera deitzen du Urduñako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala 2020ko api. 17a, 07:00

Tokiko elikaduraren aldeko apustua egin nahi dute Urduñako Udaletik. / Aiaraldea.eus

Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareak abiatutako kanpainaren alde egin du, tokiko elikadura bultzatzeko.

Urduñako Udalak Agroekologiaren Aldeko Hirien Saretik bultzatutako kanpainaren alde egin du, Covid-19 pandemiaren antzeko krisien aurrean, tokiko elikadura politiken garrantziaz ohartarazteko helburuarekin.

Koronabirus pandemiaren ondorioz, egunero aldaketak eragiten neurriak hartu behar izan dira, tartean, elikadurarekin erlazioa dutenak. Hori dela eta, larrialditik haratago doan gogoeta sakona egin behar dela adierazi dute Agroekologiaren Aldeko Hirien Saretik.

Alde batetik, osasun prebentzio estrategia moduan, botere publikoek herritar guztiei elikadura egokia bermatzeko ahalegina egitea gakoa dela deritzote.

Elikadura horrek ondorengo hiru ezaugarriak bete behar ditu: Osasungarria izatea (barazki freskoetan, lekaleetan, zerealetan eta fruitu lehorretan oinarritua egotea, abereetan jatorria duten ekoizpenak gutxitzea eta elikagai prozesatuak kentzea); iraunkorra izatea (osasuna indartu behar du, baina kutsatu gabe eta toxikoetarako esposizioa murriztuta); eta tokikoa eta sasoikoa izatea (elikagaien kalitatea handitzen du ezaugarri honek, mugimenduak txikituta eta tokiko ekoizpen txiki eta ertainak bermatuta).

Bestalde, elikadura segurtasunari begira, tokiko eremuetan elikagaiak hornitu ahal izatea nabarmendu dute. Horrekin batera, hurbileko nekazaritza-elikagai ekoizpen iraunkor txikiak indartzea eta babestea ere beharrezkotzat jo dute: Familia nekazaritza, nekazaritza ekologikoa, nekazaritza artisauaren industria, abeltzaintza estentsiboa, artisau arrantza iraunkorra eta, bereziki, emakume ekoizleen lana.

Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareak antolatutako "Nekazaritza elikagaien inguruko politikak landa-udalerrietatik: Agroekologiaren ikuspegiak" mintegian parte hartu zuen Urduñako Udalak martxoaren 6tik 7ra. Landa-eremuetako udalerrien arteko lan kooperatiboa bultzatzea zen jardunaldien helburua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide