Covid-19 birusaren hedapena prebenitzearren, proba ezberdinak egin zituen atzo Osakidetzak Urduñako udal egoitzan. Goizean zehar, bertako langile zein egoiliar guztiei egin zizkieten PCR proba eta test serologikoa. Test horien emaitzak gaur eguerdian jasotzea aurreikusten dute. Urduñako nagusien udal egoitzak eskatu ditu proba horiek asintomatikoak izan daitezkeen kasuak antzemateko eta, horrela, birusa ahalik eta gehien kontrolatzeko. Helburua zentroaren egoera zehatza ezagutzea da, beharrezko neurriak hartu ahal izateko.
Koronabirusagatik positibo eman zuten lau pertsonak Bilboko Birjinetxe zentroan daude egun. Bizkaiko Foru Aldundiak egoitzen eskura jarri zuen zentro hori, egoitzetako baliabide zailtasunak arintzeko eta pazienteei osasun-laguntza egokia bermatzeko.