Amaurretik mundura, Erasmus+ programari esker

Erabiltzailearen aurpegia AMAURRE Ikastetxea 2021ko urr. 11a, 07:00

Ikastetxean eta irakasleen artean egindako hausnarketa baten ondoren, konturatu ginen gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan, ingelera indartu behar genuela eta esparru akademikotik atera behar ginela eta esperientzia errealagoa eskaini gure ikasleei . Alderdi hau “lehen pertsonan” bizitzea eta sentitzea garrantzitsua dela kontuan izanik, Erasmus+ programak guztiz erakarri gintuen eta erabateko murgiltzea egitea adostu genuen proiektu batean modu aktiboan parte hartuz.

Programa honek ikastetxe parte-hartzaileen arteko mobilitateak eskaintzen ditu . Ikasleek beste herrialdetara bidaiatzeko aukera dute astebetez.

Funtsezkotzat jotzen dugu gure ikasleengan nazioarteko, kulturarteko eta mundu mailako ikuspegia txertatzea.

“SOS, Save Our Second Languages” du izena gure europear proiektuak. Urtebete daramagu Finlandia, Irlanda eta Maltako ikastetxeekin batera proiektua garatzen. Gure harremana eTwinning plataformaren bitartez izan da hasiera batetik. Gu elkartzearen arrazoi nagusiena izan da, amankomunean dugula hizkuntza gutxitu bat eta kultura propio bat; euskara, gure kasuan.

Hortaz, proiektu honen funtsa eta nahia gure hizkuntzak zabaltzea eta ezagutaraztea da teknologiaz baliatuz, konpetentzia digitala garatuz.

Bi urteko iraupena du proiektuak. Maltan eman genion hasiera proiektuari lehen bilera batean. Bertan, ikastetxe bakoitzeko irakasle ordezkariok elkartu ginen eta elkar ezagutu genuen. Egun hauetan zehar, proiektuaren helburua gauzatzeko ekintzak ezarri genituen.

Gelan hainbat ekintza burutu ostean, orain, bidaiatzeko momentua heldu da. Irlandara goaz LH 4.mailako 9 ikaslerekin . Momentu honetan bidaiatzen ez duten gelakideek aukera izango dute aurrerago esperientzia hau bizi izateko.

Guztiek dohainik parte hartuko dute Europako diru-laguntza bati esker.

Hemendik doazen ikasleak eskolara joango dira bertakoen proiektuak eta eguneroko ekintzak ikustera eta parte hartzera, baina horretaz gain hainbat kanpoko ekintza egingo dituzte, batez ere haien kulturari lotuta daudenak: gaztelu bat bizitatzea, arku-tiroa eta gaelo-futbolean jokatzea besteak beste. Familia desberdinetan geratuko dira, eta bertatik Amurriora datozenak ikastetxe honetako familiekin egongo dira egun horietan. Gure ikasle eta familia batzuk dagoeneko jarri dira haiekin harremanetan , Skype eta emailen bidez, argazkiak trukatu dituzte eta kontaktuan daude.

Hurrengo bidaia Finlandiara izango da 2022ko hasieran , eta azkenengoa, proiektua ixteko Maltara . Ikasle talde desberdinek hartuko dute parte bidaia bakoitzean baina proiektua amaitzen denerako, gelakide guztiek esperientzia berri hau bizi izan dutela kontatzeko aukera izango dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide