Duela 334 urte, 1682ko azaroaren amaieran, Santa Katalinako Batzar Nagusia egin zen urtero lez Gasteizko San Frantzisko komentuan. Ermandade guztietatik joandako ordezkariak -prokuradoreak- batu ziren probintzian eztabaidatu, arteztu eta konpondu beharreko gaiez jarduteko. Batzarra hilaren 18an hasi eta astebete iraun zuen, hurrengo ostiralera bitartean ohi bezala. Hain zuzen ere, batzarra amaitzeko egun bat falta zela -azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean bertan- hizkuntzaren inguruko gorabehera berezi bat jasotzen da egun horretako bilkuraren aktaren zazpigarren puntuan, Hondarribiako inbasioari kontra egiteko erosi ziren armak non gorde eztabaidatu ondoren.
Honela dio hitzez hitz puntu horrek: “Sobre que no bengan procuradores a la junta que no sepan rromanze: En esta juntta, hauiendo rreconoçido que el procurador que bino por la hermandad de Arçiniega no sauía rromanze, ni entendía lo que dichos señores rresolbían y decrettavan, consideraron los yncobenientes que de no entender se pueden orijinar a su hermandad, pues no puede dar su voz y botto a los negoçios que se trattan en esta dicha juntta, decrettaron que de aquí adelante los procuradores que binieren de cada hermandad sean personas de las más ydónias y capazes para que puedan dar su sano botto y pareçer en todos los cassos que se pueden ofrezer en sus junttas, y que si así no le hiçieren sea multada la hermandad que la ynbiare en çinco mil marabedís y el procurador que biniere que no supiere rromanze en otros cinco mil marauedís, y mandaron que nos, los secrettarios, nottifiquemos dicho decretto a todos los dichos señores para que lo hagan sauer a todas sus hermandades y luego, yn continenti, nos los dichos secrettarios nottificamos dicho decretto a todos los dichos señores procuradores de esta juntta general, y el dicho señor don Anttonio González de Zuazo y Mújica, procurador de la hermandad de Aramayona, prottextó el dicho decretto, y dichos señores, sin enbargo de dicha protextta, mandaron que se execute de aquí adelante, y demás de dicha pena sean echados de la junta los procuradores que binieren y no supieren rromanze”.
Erraz irakurri daitekeenez, testuan esaten da Artziniegako Ermandadeak batzar nagusira bidalitako pertsonak ez zekiela gaztelaniaz, eta horren ondorioz erabaki oso zehatza hartzen dela: aurrerantzean ermandadeetako prokuradoreek hizkuntza hori ezinbestean jakin behar dutela. Esaten da, gainera, hala egin ezean isun bat jarriko zaiola ermandadeari eta prokuradoreari berari. Ez zuen polemika handiegirik sortu erabaki horrek, Aramaioko prokuradore Antonio de Zuazo y Mújica izan baitzen protesta egin eta kontra azaldu zen bakarra.
Ez da inondik ere gorabehera bitxi hori ezagutzera ematen den lehenengo aldia. Oker ez banago, Ricardo Ciérbidek 1996an idatzitako artikulu batean horren berri eman zuen lehenengoz, Arabako euskararen historiaren inguruko beste testigantza batzuekin batera. Ondoren, zenbait lan eta liburutan aipatu izan da, zeren geroago ikusiko dugun bezala, datu bakana eta baliotsua baita Arabako -eta batik bat Aiaraldeko mendebaldeko muga honetako- hizkuntzen historia ikertzeko.
Ez dakargu, beraz, berritasun handirik lekukotasun hau jakitera emanda. Baina zerbait falta zen: Artziniegako prokuradore euskaldun elebakar horren izena. Eta falta zen seguru aski inor ez delako topatzen saiatu, nahikoa baita Batzar Nagusietako artxiboko akta begiratzea izena deskubritzeko: Manuel de Mezcorta. Argi eta garbi dakar. Izen hori zuen Artziniegako prokuradore elebakarrak.
Nor izan zen Manuel de Mezcorta?
Agiri zehatz bati esker jakin ahal izan dugu nor izan zen Manuel de Mezcorta: odol garbitasunari buruzko espediente bati esker hain zuzen ere. Artziniegako Udal Artxiboan gordetzen da Manuel de Mezcortaren expediente de limpieza de sangre deritzona, eta dokumentu horrek argitzen du Manuel de Mezcorta Santa Coloma izan zela 1682ko ekainaren 28an prokuradore izateko tramiteak bete zituen pertsona. Izan ere, baziren sasoi horretan izen eta lehen abizen bereko bi herritar Artziniegako urian. Hortaz, espedienteak zehaztu egiten du hiruetatik zein den.
Gisa horretako agiriak beharrezkoak ziren kargu publikoak, erlijiosoak, judizialak edo militarrak betetzeko, eta helburua zen kargu horietatik baztertzea arbaso ez-kristauak zituzten pertsonak. Horretarako, familiaren inguruko informazioa ematen da idatziz, zehaztasun handirekin abizenak eta lekuak aipatuta. Manuel de Mezcortaren kasuan hala ikusi dugu “demás ascendientes por ambas lineas son fueron limpios de toda mala rraza de judios, moros y conversos” zela eta bere gurasoak zirela Juan de Mezcorta Laiseca eta Águeda Santa Coloma La Fuente, biak Mendietako Los Heros auzokoa, Santa Koloma eta Mendieta arteko Ezkebarro deritzon mendixkatik oso hur. Han jaio zen Manuel ere, 1661ko apirilaren 24an. Hogeita lau urte zituen, beraz, prokuradore izateko hautatu zutenean, eta Francisca Mezcorta Ynorrizarekin ezkondu berritan zen. Zazpi seme-alaba izango zituzten 1683tik 1701era bitartean.
Era berean, aitaren zein amaren aldetiko arbasoak azaltzen dira. Aitaren aldetik Iratzagorriakoak ziren, Juan de Mezcorta, Pandoko Amezkorta etxekoa, eta Francisca de Laiseca, Garagortako Laiseka etxekoa. Amaren aldetik, berriz, Antonio de Santa Coloma herri horretako dorretxekoa zen, eta Águeda de La Fuente (edo Las Fuentes), Tramarriako Las Fuentes etxekoa. Ederto kokatu dezakegu familiaren bi aldeen jatorria Iratzagorrian eta Santa Koloma-Aiega inguruan.
Esan bezala, espedientea ekainaren 28an sinatu zen, San Pedro inguruko sasoi horretan hautatzen zirelako Artziniegako kargu publikoak Elizako atzealdean egiten zen kontzeju irekian: alkate arrunta, sindiko-prokuradorea, errejidorea eta batzar nagusietako prokuradorea. Bazen beste kargu bat, alkate nagusia, baina kasu horretan Aiarako jaunek hautatzen zuten zuzenean. 1682an, beraz, Manuel hautatu zuten eta bera joan zen Santa Katalinako Batzar Nagusira Gasteizera. Hurrengo urteko Lur Jareetako batzarrean ere bera azaltzen da agirietan Artziniegako Ermandadeko ordezkari gisa, nahiz eta azaroan ez egokitzat jo zuten, urtebeteko kargu-aldia derrigor betetzekoa zelako seguraski. Hurrengo ordezkaria Pedro de Zaldibar izango zen.
Ez dakigu askoz gehiagorik bere bizitzaz, soilik geroago sindiko-prokuradore ere izan zela Artziniegan, eta Artekalen bizi zela 1710ean. 1735eko uztailaren 20an hil zen Artziniegan bertan, 74 urterekin.
(A)mezkortatarren jatorria
Amezkorta abizenaren sortetxea Iratzagorrian dago, Gordexolan, Mendieta eta Artziniegatik oso hurbil, 5 km eskasera. Amezkorta izeneko etxea ez da gaur egun existitzen eta toponimoa baino ez zaigu geratzen, herri-baso bat eta iturri bat izendatzeko. Bazen, ordea, etxe inportantea XV-XVII mendeetan, dokumentazioan ikusten denez. Jatorria Iratzagorrian izan arren, deigarria da nola abizena berehala pasatzen den Artziniegara, eta 1507an bertan Juan Perez de Mezcorta den Artziniegako alkate, edo apur bat geroago, 1569an, Francisco de Amezcorta. Behin Artziniegan zuzterrak botata, Amezkortatarrak ez dira asko mugituko eta uriko eta, batez ere, Mendietako herritar gisa azalduko zaizkigu hurrengo mendeetan. Iratzagorriako oinetxeetako beste familia asko ere bertokotu ziren Artziniegan garai hartan (largatxatarrak, allendetarrak…), Aiarako eta Aiegako beste asko bezala, landa-inguru horiek harreman-estua zutelako uriarekin.
Abizenaren bokale-aferesiari dagokionez (hasierako a- galtzea), oso goiztiarra da, nahiz eta forma osoa ere (Amezcorta) tarteka azaltzen den dokumentazioan, beharbada eskribauak jatorrizko formaren kontzientzia zuelako. Fenomeno hori oso arrunta da Euskal Herriko mendebalde honetan (Txabarri, Norzagarai…).
Amezkorta eta Laiseka etxeak Iratzagorrian
Los Heros auzoa eta Mendieta
Lekukotasunaren balioa euskararen historiaren ikuspegitik
Esan gabe doa testu-txatal labur horretan azaldutakoa oso datu baliotsua dela gure eskualdeko euskararen geografia historikoa aztertzeko. Alde batetik erakusten du maila sozial nabarmeneko pertsona batzuk ere euskal elebakarrak zirela, Batzar Nagusietara joaten ziren pertsonek “ricos e abonados” izan behar zutelako eta ez zelako, ondorioz, edozein herritar izendatzen kargu horretarako. Eta beste alde batetik datuak argia ematen dio Artziniega inguruko hizkuntzen auziari eta, aldi berean, eskemak hausten ditu, erakusten baitu garai hartan, XVII. mendearen amaieran, maila sozial handiko eta Artziniegan jaiotako pertsona batek euskaraz baino ez zekiela.
Eskemak hausten dituela diogu zeren Arabako eta Aiaraldeko beste leku batzuen egoera linguistikoaz datu aski fidagarriak ditugun bitartean -bai lekukotasun historikoei bai toponimiari esker-, Artziniegaren kasua bereziagoa da, euskara eta erromantzearen arteko muga linguistiko historikoa goi erdi arotik inguru honetan bertan egon baita, eta ondorioz egoera nahasiagoa delako: badira euskararen arrastorik gabeko herriak (Erretes Tudela, Añes), badira euskal izeneko herriak euskal toponimia gutxirekin (Mendieta, Soxoguti), badira euskal izena duten herriak Euskal Herriko mugaz haraindi (Artza, Artieta), badira izen erromantzea baina euskal toponimia ugaria dutenak (Lanteno, Costera...), badira aspaldi itzulitako toponimoak... denetarik dago eta, gainera, ikerketa zehatz eta sakonen faltan gaude. Badirudi, Martínez de Madinak eta González de Viñasprek dioten bezala, muga “iragazkorra” izan zela eta populazio-mugimenduek eragina ere izan zezaketeela herrion egoera linguistikoan. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Asturiaseko Erresumaren goi erdi aroko birpopulazioa bertaraino heldu zela eta mikroeskualde hau guztia, Lantenoko Ibaizabaleraino, lehenengo Burgoseko eta ondoren Santanderreko elizbarrutikoa izan zela Gasteizkoa sortu arte, mendebalderagoko eskualde gaztelauekin bat.
Manuel de Mezcorta protagonista duen gertaeraz gainera, bada Artziniegako inguruan euskararen presentzia historikoa aditzera ematen duten beste batzuk, hala nola 1787ko Lorenzo Prestameroren “Memorial de Curatos de Álava” lanean esaten dena: “Hablan el idioma bascongado muchos pueblos de la Vicaria de Vitoria, todos los de Gamboa, los mas de la de Salvatierra, los de la de Mondragon, Cigoitia, Zuya, Orduña, Ayala, Orozco y Tudela”. Oso eztabaidagarria ematen du, dena dela, Tudelako bikariotzako herriak (hau da, Artziniegako guztiak eta Lanteno) urte horretan euskaradunak izatea, Lantenon bertan ere seguru aski euskara azkenetan egongo baitzen sasoi hartan.
Edonola ere, kontraesanak kontraesan, Artziniegako uria eta inguru hurbila euskararen eremu historikoaren barruan kokatu dezakegu honen guztiaren argitan eta toponimiaren argitan, gutxienez XVIII. mendera bitartean. Adierazgarria da alde horretatik nola XIV-XVII. mendeetan, arestian aipatu bezala, Iratzagorria eta Lantenoko familia asko bizi diren Artziniegako urian (haiekin populatzen dela, nolabait esateko), eta nola giza-harreman nagusiak ardatz horretan gauzatzen diren. Gaude hori ere garrantzizkoa dela egoera linguistikoa zehazteko orduan.
Honek guztiak esan nahi du gaztelania hizkuntza arrotza zela berton, inguru erromantzedunetik hain hurbil eta horren eskualde mistoan? Ez da pentsatzekoa, esan dugunez, eta horregatik da deigarria 1682ko lekukotasuna; baliteke Manuel de Mezcortak hogeita bat urterekin artean gaztelania ikasi ez izana, edo baliteke batzarrean izandako gatazkaren batengatik bere hizkuntza-egoera pertsonala puztu edo desitxuratu izana. Ez dago zehatz jakiterik, baina argi dagoena da euskaraduna izan behar zuela.
Euskararen inguruko beste gorabehera batzuk Arabako Batzar Nagusietan
Manuel de Mezcortarekin jazotakoa dela eta hartutako erabakiak –gaztelaniaz ez zekiten prokuradoreak ez onartzeak, alegia- ondorioak izan zituen, eta hala ikusten dugu ia ehun urte geroago, 1770an, Laudioko prokuradore Antonio de Aldaiturriaga ez dutela onartzen, eta 10.000 marabediko isuna jartzen diotela gaztelaniaz irakurtzen eta idazten ez dakielako (“faltandole assi bien la qualidad de saber castellano, ni leer, ni escribir”). Esaten da, gainera, halako pertsona bat bidaltzeak araudiko hamaikagarren legea urratzen duela (“multaron con arreglo a la ley undecima, en la que se previene se embien sujetos idoneos”). Ondoren badirudi isun hori bertan behera geratu zela, Laudioko Ermandadeak argudiatu zuelako ez zegoela eskakizun horiek betetzen dituen inor.
Dena dela, badirudi praktikan malguago jokatzen zela Arabako administrazio publikoan euskaldun elebakarrei arretako emateko nolabaiteko “itzulpen-zerbitzua” ere bazela; garai beretsuan, 1794ko Batzar Nagusian, aurkitzen dugu idazki bat non probintziako prokuradoreek (funtzionariek, nolabait esateko) eskatzen duten aparteko lanengatik ordaindu dakiela. Eskaera onartu egin zen eta erabaki zen idazkariari 320 erreal ordaintzea “por los muchos trabajos en las representaciones, cartas y dependencias de la provincia, servir de interprete de bascongados en alguna de ellas y otras varias ocupaciones”.
Euskararen aldeko jarrera ere aurkitu dezakegu Arabako Batzar Nagusietan, esate baterako 1819. urtean, Laudio eta Aramaioko prokuradoreen eskariz erabaki zenean euskara gordetzen zen lekuetan zaintzea eta babestea, ikusita atzeraka zebilela etengabe.
Testigantza gutxi dira esku artean ditugunak, euskarak administrazioan mendetan bizi izandako gutxiespenaren adierazgarri, baina aldi berean oso baliotsuak zaizkigu gure hizkuntzaren historiaren ikuspegitik.