Ganzabala

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2017ko mar. 6a, 15:07

Agirietako baten irudia.

XVIII. mendeko bi agiritan orain arteko bilketetan jaso gabeko toponimo bat jaso dugu, Artziniega eta Lanteno arteko mendi baten euskarazko izena: Ganzabala.

1495. urtean topatzen dugu Aiara Herria eta Artziniegako Uriaren arteko mugen ondoriozko gorabeheren lehenengo lekukotasun idatzia, bi jurisdikzioak banatzen dituen lerroa ezarri zuen Sentencia Arbitraria agirian. Ebazpen horrek, itxuraz, aspalditik zetorren auzi bati konponbidea eman zion, eta ondorengo mendeetan bi jurisdikzioen arteko muga bere horretan mantendu zen.

Muga hori, dena dela, aldiro egindako apeoen bitartez berrikusiko zen, bi jurisdikzioetako ordezkariak bertan zirela. Apeo horien aktak Aiarako Udalaren artxiboan gordetzen dira eta oso interesgarriak gertatzen dira lurraren deskribapenaren eta toponimiaren aldetik. Baina deskribapen mamitsu horiek hurrengoetarako utzi eta oraingoan agiri horietako bitan aurkitutako lekukotasun toponimiko bat ekarriko dugu azalera, bertoko historia linguistikoaren aldetik zinez interesgarria dena eta orain arte jaso barik egon dena.

1731ko apeoa

Irailaren 24an Santutegi ondoko putzuan (edo oxinean, inguruotan esaten zen bezala) batu ziren mugarrien berrikuspena egiteko Aiarako alkate Juan Joseph de Aldama eta Artziniegako alkate Nicolás de Gorbea Menoyo. 1495eko ibilbide berbera eginez, lehenengo Mendietarekiko mugarriak egiaztatu zituzten, ondoren Uretatik aurrera Lantenoko ibarrako muga zeharkatzeko. Hain zuzen ere zati horretan topatu dugu aipatutako lekukotasuna:

“Se allo otro (mojón) a lo ultimos de las carcabas que le yzieron de parte de la Villa en el paraje que llaman ganzabala y bajando bia retta quinto y arriba del sendero que sale del barrio de pettiz azia la villa y a la vista de la tejera de Garabilla”.

Ikusten denez, “Ganzabala” irakurtzen da testuan. Toponimo argia da eta oso deskriptiboa (gain zabala), eta guk dakigula, orain arte egindako bilketa toponimikoetan jaso gabea zen. Emandako azalpenekin, gutxi gorabehera geografikoki kokatu dezakegu lekua: Lopetarache baino harago, Lantenoko Petiz auzora doan bidetik hurbil, Garabillako teila-lantegia ere bertan dela... Baina urte batzuk geroago egindako beste mugarri-ikuskapen batek argituko du kontua.

1764ko apeoa, kokapena argitzen

Urte horretako urriaren 8an batu ziren Santutegiko oxinaren ondoan Artziniega eta Aiararen arteko apeo orokorra egiteko. Manuel de Retes Mendieta zen orduan Aiarako alkatea, eta Juan Antonio Bibanco Artziniegakoa. Beste hainbat agintari eta herritar ere bertan ziren eta lehen azaldutako ibilbide berberari ekin zioten. Oraingoan, 1731ean “Ganzabala” azaldu zen inguruari dagokion pasartean, honela dio:

“(...) Desde este y haciendo buelta por los riberos de Ubaltorre a la cruz de Loperatache. Desde este subiendo por la heredades labrantías al pico de Villoran; desde este al ribero ynmediato a la senda que atrabiesa y se dirige a Petiz; desde este al cumbre de Ganzaballa que comunmente llaman Balderrama; Desde este bolbiendo y vajando por el dho cumbre..."

Aldaera fonetikoa gorabehera (oso ohikoa da l>ll eboluzioa), kokapen geografikoa oso zehatza da kasu honetan eta, gainera, esaten da zein den Ganzabalari ematen zitzaion ohiko izena: Balderrama. Hau froga erabatekoa da lekuaren kokapena argitzeko, Valderrama toponimoa gaur egun arte gorde delako Artziniega, Soxoguti eta Lanteno artean, Zaballa-Ganzorrotz mendiaren azpian, dagoen mendi-basoa izendatzeko.

Lekukotasunaren balio linguistikoa

Pentsatzekoa da bi toponimo hauek elkarren ondoan bizi izan zirela luzaro, Valderrama izena gutxienez XVI. mendetik erabili zelako, idatzizko dokumentazioan azaltzen denez. Beraz, euskarazko izena eta gaztelaniazko izena zuen leku batez ari gara, guztiz ezberdinak.

Honek bi datu garrantzitsu ematen ditu historia linguistikoaren aldetik: agerian jartzen du berriz ere bi hizkuntzak elkarren ondoan -eta are nahasian- bizi izan zirela Artziniega inguruan, eta bestetik euskararen galera denboran hobeto kokatzeko pistak ematen dizkigu, Ganzabala izena ez delako jasotzen XVIII. mendearen ondoren; adibidez, 1803ko apeoan dagoeneko Balderrama baino ez da aipatzen. Halako graduazio bat antzematen da:

1731 Ganzabala > 1764 Ganzaballa/Balderrama (bigarrena nagusi) > 1803 Balderrama

Hau ikusita, Lanteno eta Artziniega inguruan XVIII. mende erdialdean ezarri liteke euskararen galera, beste lekukotasun batzuek ere aditzera ematen dutenez.

Bonus track: Villoran / Billorra

Agiri hauei esker beste toponimo bat deskubritu dugu, 1764 eta 1803ko apeoetan azaltzen dena, Villoran eta Billorra formekin, hurrenez hurren. Kasu honetan kokatzea oso erraza da, Lapetaratxe eta Petizera zihoan bidearen artean dagoen mendia delako ezbairik gabe. Larremontxina izena eman izan zaio azken urteotan tontor horri, baina ez dugu idatzian jaso forma hori.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide