Ibai Fresnedo: "Gure olatu (trans)feministak normaltasuna itoko du!"
Samuel, 24 urteko gazte galiziarra, sistema zisheteropatriarkalaren seme batzuk akabatu zuten "marikoi" deitzen zioten bitartean. Eta, tamalez, hil zutenetik, komunikabide asko (eta bestelako faxista aleatorio asko) ikusi eta entzun ditugu, eraso hilgarriaren azpian dagoen arrazoi nagusia, LGTBfobia, zalantzan jarriz.
Baina dagoeneko ez gaitu harritzen komunikabideek eurek LGTBfobia ezkutatzea, poliziaren edo bestelako gobernu-erakunde edota erakunde judizialen iturri eta txosten ofizialetan oinarritzen baitira. Hauek, sakonki klasistak, arrazistak eta zisheteropatriarkalak; eta izatez, errepresiboak eta baztertzaileak.
Hil egiten gaituzte, bai, baina ez "matxirulo" bortitzen koadrila isolatu bat bereziki. Izan ere, erasotzaile hauek sistemaren ageriko aurpegia besterik ez dira. Indarkeria estruktural eta sinbolikoak baitira disidente sexu-generikook, emakumeek, arrazializatuek, estandar funtzional, sentsorial eta kognitiboa betetzen ez dutenek edo arauetan sartzen ez diren gainerako gorputz eta subjektibotasunek etengabeko tentsioan eta beldurrez bizi behar izatea legitimatzen dutenak.
Normaltasunak (pixkanaka edo gau bakar batean) hil egiten gaitu, eta ezarritako ordena zalantzan jartzen ez duten eta, gainera, hau birsortzen duten pertsona guztiak dira erantzuleak.
Zorionez, gu, subalternook, armatzen ari gara. Eta gure armarik onena (trans)feminismoa da. Arma bat zeinak, pentsamendu kritikoz elikatzen gaituen, elkartzen eta aliantzak eraikitzen laguntzen gaituen, autodefentsarako tresnak ematen dizkigun, eta batez ere, egunetik egunera indartsuago bihurtzen gaituen.
Beraz, irten zaitezte kalera eta bat egin gure olatu (trans)feministarekin. Honek normaltasuna itoko baitu eta askeago egingo baikaitu. “
Ibai Fresnedo
Maritxua, sexu-genero disidentea, Euskal Herriko sexu askapenerako aktibista eta EHGAMeko kidea.
Irantzu Varela
Maskulinitate hegemonikoa ordezkatzen ez dutenekiko gorrotoa beti egon da. Patriarkatuaren hasieratik "gizonak" bezala irakurtzen ez ziren gorputz guztiak esplotatu, mespretxatu, jo, bortxatu eta hil dituzte.
Baina azken hamarkadetan, mugimendu feministaren borrokak eta LGTBIQ kolektiboaren borrokak, arrazismoaren aurkako borrokak eta indarkeria sistemikoak zalantzan jartzen dituzten borroka guztiekin batera, hegemonia hori zalantzan jartzea lortu dute, sumatzen ez dugun inguruko errealitate bat agerian utziz: gizon zuri zisheterosexualak gutxiengo bat direla. Eremu guztietan gainordezkatutako gutxiengoa da, eta kontakizun bat eraiki du, non haiek normalak diruditen -eta sinesten diren-, eta "gainerakoak", arrotzak, mendekoak, barregarriak... mehatxua garen.
Uste dut orain lehen baino indarkeria gehiago dagoela LGTBIQ kolektiboaren aurka, jakina baietz. Orain beldur gaituztelako. Maskulinitate bat zalantzan jartzen ari garelako. Duen guztia esplotatuz, ostiak ematen, edo arraren gidoi antzeztua jarraituz lortu izana goraipatzen duen maskulinitatea zalantzan jartzen ari garelako.
Baina hori amaitu da.
Amets Martinez de Heredita
Azkenengo hilabeteetako eta asteetako olatu LGTBI+fobikoa ulertzeko baliogarria izan daiteke Gorrotoaren hirukia, eskema honen bitartez ulertu dezakegu hainbestetan esan duguna, gorroto diskurtso bat gorroto delituaren jatorria dela hain zuzen.
Gorrotoaren hirukiak hiru elementu aztertzen ditu: Helburu bat, kasu honetan LGTBI+ kolektiboa; mezu bat, kolektibo hau gutxiesten, baztertzen edo iraintzen duena eta konbentzitua dagoen pertsona edo taldea, hauek gorrotoa zilegitzat hartuko dute. Egungo sistema erabat cisheteropatriarkala dela ahaztu gabe, testuingurua gorrotoaren hirukiarekin parekatzean agerian geratzen da egun bizi dugun egoeraren azalpena.
Ana Perez Perez
Sistema zisheteronormatiboak markatzen du zein gorputz dauden heteronorma hegemonikotik kanpo. Gizon cis, heterosexual, ez-arrazalizatu eta dibertsitate funtzionalik gabekoak ez garen guztiok.
Heteronormatiboak ez diren gure gorputzak lotsarekin, desatseginarekin eta sufrimenduarekin lotuta egon dira eta daude oraindik ere, eta edozein diskriminazio-motaren objektu dira, are gehiago, gure burua ikusarazten eta sexu-genero sistema ezarriaren disidente izate hutsagatik ukatzen zizkiguten eskubideak aldarrikatzen hasi garenean.
Genero-identitateagatik, sexu-orientazioagatik… diskriminazioa, hau da LGTBIQfobia, oso txikitatik gertatzen da, eta oso forma desberdinak ditu: mehatxatzen denean, iraintzen denean, barregarri uzten denean,… indarkeria-mota bat naturalizatzen ari da eta pairatzen duten pentsonengan ondorio larriak izaten dira: autoestimu-arazoak, abusuak, tratu txarrak edo erailketa egoerak pairatzeraino, duela gutxi bizi izan dugun bezala.
Ikastetxeetan eta familietan garrantzia kentzen zaie egoera horietako askori, jolasak edo haurren gauzak direla argudiatuz, eta horrela naturalizatu egiten dira LGTBIQfobia egoerak, dagokien izena jartzen ez zaienak, eta beste bullyng egoera bat bezala tratatzen dira, garrantzirik kendu gabe; hala ere, bullyng LGTBIQfobikoa identifikatu eta egin behar da behar bezala aurre egin ahal izateko.
Diskriminazio LGTBIQfobikoa ez dute jasaten soilik lesbianek, gayek, transek, bisexualek… baita ezaugarri batzuk haiekin edo gertuko lagunekin partekatzen dituztenek ere, beraz, LGTBIQfobiari modu eraginkorrean aurre egin nahi badiogu, ezinbestekoa da botere-harremanak eta sistema heteropatriarkalak ezarri digun rol-hierarkia haustea.