Harridura handiz irakurri dut asteartean (azkenik!) martxan jarri zirela desgaitasun intelektuala duten pertsonen laguntzarako bi etxebizitza. Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatua bisitatzera bertaratu ziren. Hamasei plaza dituzten etxebizitza batzuk dira, inaugurazioaren ostean dagoeneko okupatuta dauden hamasei plaza, alegia. Eta zer gertatzen da desgaitasuna duten eta laster atzetik etorriko garen pertsonekin? Ba al dira gizarte-zerbitzuak kontziente Aiaraldean dugun eskariaz?
Bi etxebizitza horiez gain, Eguneko Zentroa ere egongo da eraikin horretan bertan, eta zortzi plaza izango ditu desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, eta beste zortzi mendekotasun handia dutenenentzat. Hamasei horiek ere BETETA daude. Izan ere, eskualdean zerbitzurik ez zegoelako Gasteizera joan behar izan zuten Laudioko zein Aiaraldeko herritarrek beteko dituzte plaza horiek.
Eta nire galdera da, dagoeneko beteta dagoen zentro bat ari gara inauguratzen? Eta atzetik gatozenok? Zein izango da gure seme-alaben egoera?
Tristura handia ematen dit ikusteak familia gutxi batzuk garela gure seme-alaben etorkizuna hobetzeko borrokan gaudenak, eta hain bakarrik gaudela. Ez dugula babesik, ez soilik gure haranean zerbitzu duinak izateagatik borrokatu beharko luketen ordezkari politikoengandik, baizik eta gainontzeko familiengandik ere. Familia horiek ez dute ikusten edo ez dute ikusi nahi epe-luzean topatuko duten egoera, alegia, haien seme-alabek 20 urterekin amaituko dutela beren hezkuntza-etapa eta ez dutela izango haien ibilbidea non jarraitu, izan eguneko zentroetan edo zentro okupazionaletan.
Inbertsio-bide guztiak Gasteizen pilatzen dira eta argudioa da Laudio landa-eremutzat jotzen dela (20.000 biztanle baino gutxiago dituelako). Baina Laudio Arabako lehen herria da, eta gainera, gure haranak beste hainbat udalerri ere barne hartzen ditu (Amurrio, Arespalditza, Artziniega, eta abar).
Hainbat dira gure haranean desgaitasun intelektuala duten neska-mutilak, inbertsio handiagoa egin beharko litzateke gure zonaldean laster barru helduko diren beharrei aterabidea emateko.
Botere publikoek hori horrela izan dadin lan egin behar dute, plaza faltagatik gure seme-alabak hilabeteetan zehar etxean izatera behartuta egon ez gaitezen, edo Gasteizera haien ingurunetik kanpo bidali behar ez ditzagun.
Irailean Gorka Urtaranekin hitz egin nahiko genuke, entzun gaitzan, zifrak izateari utz diezaiogun. Urtaran jauna, irailean biltzeko proposamena onartuko duzu?