Martxan daude adimen desgaitasuna duten pertsonentzako Laudioko etxebizitza komunitario berriak. Ostegieta plazako blokeetako batean daude kokatuta, bi pisutan banatuta, 500 metro karratuko zabalerarekin guztira. 15 plaza finko ditu azpiegiturak. Horietako 13 beteta daude dagoeneko, eta beste bi bizilagun hilabete honetan sartuko dira. Horrez gain, beste gela bat ere atondu dute, aldi baterako egonaldietarako.
Apdema elkarteak kudeatzen du azpiegitura, lehen Laudion zuen beste espazio baten lekukoa hartuta. Aldundiak nabarmendu duenez, aurrekoak baino sei plaza gehiago ditu azpiegitura berriak.
Atzo arratsaldean egin zuten azpiegituraren inaugurazio ofiziala. Bertan egon ziren Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusia eta Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko diputatua, Apdemako buruekin batera. Aldundiko gobernuburuak nabarmendu zuen azken zapzi urteetan ehun plaza berri sortu dituztela orotara Araban adimen desgaitasuna duten pertsonentzat, gaiak "Aldundiaren lehentasun estrategiko bati" erantzuten diola nabarmenduta.
Eguneko zentroa, urte amaierarako
Horrez gain, eguneko zentroa atonduko dute eraikin beraren beheko solairuan eta solairuartean, 16 lagunentzako espazioarekin. Aldunditik jakinarazi dutenez, urte amaierarako egongo da abian azpiegitura hori, "arreta integrala" bermatu ahal izateko.
Bi milioi euroko inbertsioa burutu dute espazio osoa atontzeko, Europako Funtsak baliatuta. Nabarmendu dutenez, Aiaralderako Berehalako Jarduketa Planeko dirua ere baliatu dute egitasmoa burutzeko.