Joseba Vizan iheslaria aske uzteko eskatu du EH Bilduk. Apirilaren 28an atxilotu zuten, Brasilen, Euskal Herria utzi eta hogei urte geroago, Espainiako Estatuak eginiko estradizio eskaera batengatik. Brasilgo Gobernuak Bilbon duen kontsularekin bildu zen atzo Julen Arzuaga legebiltzarkidea, eta kanpoan elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek.
Arzuagak gogoratu duenez, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak Brasilera bisita ofiziala egin ondotik izan zen Vizanen atxiloketa. Era berean, nabarmendu du ETAren armagabetzearen ostean atxilotu dutela. «Oso larritzat» jo du Espainiako Estatuak «egoera berri honi errepresioarekin erantzutea, gizartea bakea eskatzen ari den bitartean». Hori hala, Arzuagak Brasilgo Gobernuari eskatu dio Madrilen «gurpil zoroan» ez erortzeko eta «bakearen eta normalizazioaren aldeko eragile bat» bihurtzeko, Vizan aske utziz eta bizimodua normalizatzeko aukera eskainiz.
Arzuagak azaldu duenez, Vizanek 1991n egin zuen ihes, «beste batzuek torturapean eginiko adierazpenak direla-eta atxilotua eta torturatua izateko arriskua saihesteko». Lehenik, Ipar Euskal Herrian izan zen, eta, ondoren, Brasilera joan zen. Arzuagak adierazi duenez, bere egoera erregularizatzen saiatu da han. Harekin bizi dira alaba eta emaztea, eta ohiko bizimodua egin du; dokumentazio faltsuarekin, baina. Hori dela-eta atxilotu zuten 2013an, eta, horregatik, ezarritako zigorra bete zuen Brasilen. Asilo politikoa eskatu zuen gero, eta baldintzapean aske egon da harrezkero, «ezarritako neurri guztiak betez». Asilo eskaera ukatu diote orain, eta atxilotu egin dute, estradizio eskaeragatik.
Herenegun, Antton Troitiño espetxeratu egin zuten Espainian —behin-behinean, epaiketaren zain—, Erresuma Batutik estraditatu ostean. 2011n geratu zen aske, Espainian 24 urte preso eginda. Urtebetera atxilotu zuten, Londresen, Parot doktrina ezartzeko eginiko estradizio eskaera bat dela eta. Estrasburgok doktrina indargabetu ondoren, «ETAn sartzea» leporatu, eta berriz galdegin zuten gauza bera. Aurreko astean onartu zuen hori Erresuma Batuak, Troitiñok eginiko asilo eskaera atzera botaz, forma akatsak argudiatuta. Aske geratu zenetik, denbora gehiena baldintzapean eman du, kontrol neurriekin.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide