Sei hilabete betetzen ditu gaur sufrimenduak. Bukatu ez den sufrimenduak.
Begi negartsu, begi gorriak. Begirada kezkatuak. Albisteen krudelkeria. Isilune adikorrak. Barne-min ikusezina. Kilometroen nekea. Latza suertatzen ari zaie zoritxarreko gertaeraren protagonistatzat hartu zituztenei eta horien gurasoei. Injustiziak elikatzen du oinazea, zigorraren proportzionaltasun faltak eta mehatxuaren bidegabekeriak areagotzen duena. Gogorra suertatzen ari zaigu herritar askori, heldu zein gazteri, familiarteko, lagun, ezagun edo aldamenekoari.
Irain handia dario egoerari.
Hala, sufrimendua kolpearen erdigunetik kanpora zabaldu bezala, kanpotik barnera, uhinak bailiren, minak, haserreak, suminak eta amorrazioak bat eginik elkartasuna sortu zuten lehenengo unetik, zenbat eta gertuago orduan eta handiagoa; geroago, urrutiko atxikimenduek handiagotuko zutena. Besarkada maitekorrak, eskutik heltzearen keinu diskretu bezain adoretsuak, hitz saiatuak, begirada solidarioak, isilune adikorrak gorpuztu ziren protagonistatzat hartu zituzten gazte eta gurasoen kemenarekin bat egiteko.
Eta elkartasun horrek sortu, babestu eta goxatu egin du herri oso baten inplikazioa. Komunikabide ezjakin eta interesatuek larrutu zuten eta zatitzen ahalegindu ziren herri berberaren inplikazio zentzuduna eta begirunetsua, indarkeriarik gabeko indar erakustaldia emanez. Historian zehar ere egoera gogorrak pairatu dituen herri anitz eta duina; orain, inoiz baino elkartuago dagoena, bertako elkarbizitza pitzatu baino sendotu egin duena.
Sufritzen ari direnen ondoan eta hitza ardatz eginez, kirolak eta kulturak aske sentiaraziz, dinamika sortzaileek aldarrikapen gazteak biziagotuz, Altsasuko herriak segituko du aldarrikatzen ez dela terrorismoa, gure kaleetatik mugak gaindituz eta zentzutasunaren esperantzaren zirrikituari helduz. Aurrerago gure kaleetara bueltatzeko, amesgaizto hau ahalbideratu duten faktoreak inongo plazan inoiz ere gehiagotan errepika ez daitezen.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide