Espainiako zazpi poliziak deklaratu zuten atzo Madrilgo Lurralde Auzitegian, Ander Maezturen tortura salaketaren harira. Jaione Karrera abokatuak Euskalerria irratiari adierazitakoaren arabera, ukatu egin zituzten guztiek akusazioak: «Mehatxu, irain, tratu txar edo torturarik ikusi edo bultzatu ote zuten galdetu diete zazpiei, eta guztiek ukatu dute hori. [Epaileak] Ez die deus gehiago galdetu». Defentsako abokatuen galderei ez zieten erantzun.
2010eko urrian atxilotu zuten Maeztu, beste hamahiru gazterekin batera, Segikoa izatea egotzita. Iruñeko eta Madrilgo auzitegietan izan da haren kasua: hirutan artxibatu eta ireki dute, eta, azkenean, Madrilgo Lurralde Auzitegiak agindu du poliziei deklarazioa hartzeko. Psikologo perituen txosten bat ere eskatu du.
Beste 27 gazterekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten Maeztu, 2014ko irailean hasita. Gazte haietako hogei Espainiako Poliziak atxilotu zituen, eta torturak salatu zituzten hemeretzik; psikologo perituek epaiketan azaldu zutenez, Istanbulgo Protokoloa egin zuten denek, eta «sinesgarritasun erabatekoa edo maila handikoa» dute testigantza guztiek. Frantziako Poliziak atxilotutako zortzi gazteek ez zuten torturarik salatu.
Kolpeak, mehatxuak, poltsa
2014ko epaiketan eman zuen testigantza Maeztuk. Atxiloketa bortitza izan zela kontatu zuen, ukabilkadak eta ostikadak ematen zizkiotela etengabe, eta poltsa jarri zioten hainbat aldiz. «Blokeatuta» zegoela azaldu zuen: «Une batean, neure burua leihotik botatzea pentsatu nuen». Etxeko atearekin ama kolpatu zutela esan zioten poliziek: «Esaten zidaten ama gaizki jarri zela, ospitalera eraman zutela, eta hil egingo zela. Ez banuen sinatzen hil egingo zela, eta nire errua zela».
Espetxeratu egin zuten haren ondoren, eta hango medikuek txosten batean jaso zuten kolpe handia zeukala ukalondoan. Atzo, epaileak ez zien ezer galdetu poliziei horri buruz.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide