Giza eskubideen urraketen askotariko biktimen lekukotzak entzungo dituzte irailetik aurrera Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldean. Zehazki, hamabi biktima deituko dituzte lantaldera, euren esperientziak azal ditzaten. Hala erabaki zuten atzo EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk, lantaldeak udako oporren aurretik egindako azken bileran. Biktima horiek gonbidapenari baiezkoa eman arte, ez dituzte ezagutzera emango haien izenak.
Irailaren 18an batzartuko da berriro Memoria Lantaldea, eta orduan hasiko dira biktimen agerraldiak. Asmoa da iraila eta urria artean egitea agerraldi guztiak.
Biktimen alorra jorratu ostean, bestelako gaiei helduko die lantaldeak: memoria, espetxe politika eta bizikidetza, eta giza eskubideak, hurrenez hurren, eta arlo batzuk eta besteak «gainezarri gabe». Joan den ekainaren 8an, erabaki zuten arlo bakoitza aztertzeko orduan lantaldeko kide diren alderdiek adituen eta bestelakoen agerraldiak eskatu ahal izango dituztela.
Akordiorako aukerak arloz arlo landuko dituzte, eta, baleude, dagokien erakundeetara igorriko dituzte; esaterako, legebiltzarreko osoko bilkurara edo auzitegietara. Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiak, PPk izan ezik, daude lantaldean.
Omenaldia Errenterian
Errenterian lehen aldiz ETAk hildako hiru udal langileak omendu zituzten atzo. Jose Luis Caso eta Manuel Zamarreño PPko zinegotziek eta Vicente Gajate udaltzainak udalaren aitortza jaso zuten. Ekitadian, udal talde guztiek hartu zuten parte, eta biktimen senideek hartu zuten hitza, hunkituta. Esan zuten ezker abertzaleak ETAk hildakoekiko izan duen jarreran «aldaketa» bat dakarrela atzokoak, «beste aurrerapauso bat». Julen Mendoza alkateak (EH Bildu) «barkamena» eskatu zien senideei.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide