0. ATARIKOA
Ezker abertzalearen ABIAN prozesuaren ondotik EPPK-k bere ildoa, dinamika eta antolakuntza berritzeko helburuz hausnarketa prozesu bati ekin zion iazko abenduan.
Igarri bezala, hausnarketa-prozesua baldintza zailetan burutu dugu; baina, Kolektiboak Euskal Herriaren askapen borrokan betetzen duen lekuaren garrantziaren jabe garelako ez dugu itxaron baldintza egokiak erdietsi arte horrelako eztabaida bat burutu ahal izateko.
Horixe baitzen hautuetariko bat, guztiok Euskal Herrian elkartu bitartean, askapen prozesuari, Kolektiboari eta gutako bakoitzari eragin sakona ekarriko dion hausnarketa-prozesuari ez ekitea. Horrek ordea, Kolektiboa gotortzea ekar zezakeela iritzi genion: ETAk borroka armatua utzi osteko fase politikoari kalte eginez, Ezker abertzaleak prozesu politikoan urrats berriak egin ordez, neurri handi batean arreta nagusia presoon egoeran jartzera behartuz eta dinamika politiko gero eta zabalagoetatik isolatuz.
Oroitarazi nahi ditugu hausnarketa-prozesuan erabili ditugun jarraibide nagusiak:
Publikoa eta gardena: Kolektiboak deus gordetzeko ez duenez, hausnarketa-prozesuaren mamia publikoa izan da, eztabaida bera Kolektiboaren barruan eta batzarretan eman delarik. Jasotako iritzi eta ekarpen ugariekin berretsi eta aberastu da hausnarketarako proposatutako txostena eta aurrera begirako ildoa.
Hausnarketa-prozesu hau ez da izan estrategia politiko orokorrari buruzko eztabaida —horren kokagunea preso bakoitzaren erakundea izanik—, nahiz eta ezinbestean hari buruzko erreferentziak eta aipamenak ugariak izan diren ekarpenetan. Hausnarketa-prozesu hau Kolektiboak Ezker abertzalearen estrategiari egin nahi izan dion ekarpena izan da.
Kolektiboa askapen prozesurako aktibo bihurtzeko helburua ere izan du prozesu honek.
Parte hartze zabala izan du, ekarpen bidez edota boz bidez. Urteotan Ezker abertzalearen ildoarekiko desadostasuna agertu dutenek ere atea zabalik izan dute beren jarreraren berri emateko.
Ahal izan den leku askotan batzarra izan den arren eztabaidarako eta ekarpenerako gunea, norbanakoek egindako ekarpenak ere ugariak izan dira. Ildo berritua jasotzen zuen oinarrizko txostenak kidegoaren bozka bidezko oniritzia jaso du. Eta jasotako ideia eta irizpide bateragarriekin osatu da ondorio txosten hau, nahiz eta txosten honetan lekurik izan ez duten kezka, ekarpen eta iritzi asko ere aurrera begirako ildoa garatzeko baliagarriak izango diren ere.
Kolektiboko ordezkari orokorrak eta kartzela bakoitzeko ordezkariak berritzeko lana dugu eginkizun.
Onartutako txostenarekin eta berau aberasten duten ekarpenekin, Kolektiboaren zuzendaritza berriak taxutuko du aurrera begirako ildo praktikoa.
Eztabaidari ekiteko orduan Kolektiboaren bi ezaugarri nagusi nabarmentzen genituen: bata, borroka erreferente nagusietakoa izatearena; bestea, etsaiak askapen prozesuari kalte egiteko erabili nahi izan duen bahitu izaerarena.
Lehen ezaugarriari dagokionez, Kolektiboak eredugarri izaten jarraitzeko bere jarduera egokitu eta eraldatu beharra zuela agerian zegoen. Konfrontazioaren aurreko fasean prozesuari kalte ez egiteko gako nagusia Kolektiboaren erresistentzia eta Kolektibo horrekiko herritarren elkartasuna bazen, oraingo faseko ezaugarri berriekin, askapen prozesua ez kaltetzeko eta berorren lagungarri izateko, Kolektiboak bere burua kalera begira jarri behar du. Horrela, Euskal Herriko dinamika herritarrekin bat egingo du, herritarrekin hartu-emanean, isolamendua apurtuz, komunikazioa areagotuz, bere ekimenak askapen prozesuko ekimenekin txertatuz.
ETAk borroka armatua uztearekin zabaldu eta ezaugarritzen den fase politiko berrian, Estatuek presook eta gure ingurune hurbila erabili nahi gaituzte gatazka gainditzeko prozesuan oztopo-harriak jartzeko eta ETAren erabakiaren onuradun nagusi ager zitekeen Ezker abertzalearen indartzea oztopatu eta baita beronen baitan zatiketa eragiteko. Aieteko Konferentziari erantzunez ETAk berea bete zuen. Ez zen hala gertatu Estatuen aldetik. Bereziki argigarria da Estatu espainiarrak kartzela frontean giza-ikuspegitik eman behar zituen hastapeneko urratsak izatea blokeo eta immobilismorako erabiltzen ari direnak (preso gaixoak eta adinekoak askatu, Euskal Herriratzea...).
ETAk borroka armatua utzi osteko ia sei urteotan Estatuen jarrera nola gotortu den ikustea besterik ez dago ulertzeko zein den eskuartean darabilten estrategia. Estatuen krudelkeriaren atzean ez dago mendeku grina txarra soilik. Horrekin batera eta krudelkeriaren mozorro horren pean, batez ere, Ezker abertzalea eta askapen prozesua kartzeletako egoera gero eta gogorragoan ere ito eta katramilatzeko asmoa dago; Ezker abertzalearen baitan eta prozesu independentistaren bidaideen artean barne-kontraesanak eragitekoa, ezintasuna hedatzekoa eta askapen prozesuko urratsak gero eta zailago irudikatzekoa, honokoa da gugan errotu nahiko luketen hausnarketa pozoitua: hilzorian dauden presoak ere ez badituzte askatzen (alegia, ez badugu aska ditzaten lortzeko indarrik), nola lortuko dugu presoak Euskal Herriratzea! Eta zer esanik ez askatzea! Lekutan dago independentzia!
Gutxiengoan eta muinetaraino ustelduta dagoen PP alderdiak eta gatazka armatua bi aldeetatik indarrean zegoen garaian elikatutako elkarte ultra batzuek eta beren bozgorailu lana egiten duten hedabideek agintzen dute presoon aurkako politika. Baina zergatik dauden oraindik kartzelak euskal presoz beteak ulertzeko orduan, giltzarria izan da hainbat eragilek gure eta gure senide eta lagunekiko izan duten jarrera zeken eta gupidagabea, presoon askatasunak eta independentzia prozesu baten aitzindaritza Ezker abertzalearen eskuetan egoteak, beren interes politiko eta ekonomikoak arriskuan jartzen zituelakoan.
Eztabaida txostenean agertzen zen 2011/2016 aldiari buruzko irakurketa politikoaren inguruko ekarpenak ugariak izan dira, noski, bertan agertzen den azterketa oro har ontzat eman bada ere. Guztiarekin, berretsi behar dugu estrategia aldaketak eta berau burura eramateko moduak Kolektiboaren baitan arrastoa utzi duela. Kolektiboko kidegoa hainbat erabaki hartzeko orduan bazterrean utzi izana delarik kritikarik garrantzitsuena.
1. KOLEKTIBOAREN OSAKETA
ETA EGOERA
Espetxeetan diren euskal presoen kopurua hilabetez hilabete jaisten ari da, zorionez, baina kopuruaren jaitsiera ez da izan estatuaren borondateagatik, baizik eta gure kideek zigorrak bere osotasunean beteak dituztelako. EPPKren hausnarketa-prozesuaren ondorengo txosten hau idazten ari garenean 330 kidek osatzen dugu Kolektiboa. Hiru kide dauzkagu kartzela zigorra beren etxeetan betetzen; horiez gain beste bi kide dauzkate Euskal Herriko kartzeletan. Beste guztiak, zein hurbilago eta zein urrunago, deserriratuta gauzkate. Horietatik, 250 Espainiar estatuaren menpeko kartzelatan eta 73 Frantses estatukoaren menpekotan. Beste bi kide bi herrialde banatan (Portugalen eta Suitzan) espetxeratuta daude une honetan.
Gure artean, esan bezala, 20 gaixo larri daude; baina badira ere 70 urtetik gorako 3.
Euskadi Ta Askatasunako kide izateagatik epaitu eta kartzelan bagaituzte ere, gehienak izan ginen atxilotuak ETA erakundearekin harreman zuzena izatearen akusaziopean, eta gutako beste hainbat Espainiako agintariek eraikitako «Guztia da ETA» doktrinaren pean atxilotu eta epaitu gintuzten, gure militantzia Ezker abertzaleko antolakunde abarretan generaman arren atzeman gintuztenean.
Kartzelan daramatzagun urteei dagokionez, gutako 14k daramatzate 25 urtetik gora; 23k 20 urtetik gora; 103k 15 urtetik gora; 82k 10 urtetik gora; 79k 5 urtetik gora, eta gainontzekoek 5 urtetik behera.
2. AURRERA BEGIRA,
KALERA BEGIRA
Hausnarketa prozesu honen ostean, EPPK-k indar gehiagoz begiratuko dio etorkizunari eta bere ekinbidea kalera begirakoa izango da.
Kalearekin harremana biderkatzeko eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu. Kide bakoitzak, batzar bakoitzak eta EPPK-k oro har, nork bere neurrian herritarrekin bat eginez garatuko ditu ekimenak, barruko egoera kanpokoekin konpartituz, eta kanpoko borrokekin bat egiten ahaleginduz.
Kanpoko borroketan parte hartzen dugunean, presook ez gara aitzindari izango, gure nahia kalean borrokan ari den beste herritar edo militante bat gehiago izatea besterik ez baita.
Zentzu beretik, gure borrokak bideratzeko orduan herritarren babesa bilatuko dugu, agintariek senti dezaten kartzelaren bortxaren aurrean ez gaudela bakarrik, jabetu daitezen gure eskubideak errespetatuak izan daitezen eta gure askatasuna eskatzen gure hurkoak ez ezik herri bat ere badagoela.
3. PRESO POLITIKOON
ZEREGINA PROZESUAREN
ALDI BERRIAN
ETAren arma bidezko borrokaren aldia amaitu osteko aldi berrian kartzeletatik zer nolako ekarpena egin zehazte aldera, honoko oinarrizko galderak izan ditugu hausnarketa-gai hileotan: Nola lagunduko dio Kolektiboak gatazkaren gainditzeari? Zer ekimen burutu behar ditu berau errazteko? Nolako harremana antolakunde eta norbanakoekin? Nola izango da gutako bakoitza prozesu independentistaren bidaide? Zer ekarpen egingo diogu? Nola hartuko dugu parte ekimenetan?
Eta gure ekarpen eta hausnarketak egiteko hiru norabide proposatzen genituen: Kolektibo gisa; Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan kartzelan bahituta dagoen Ezker abertzaleko kide gisa; eta euskal herritar gisa.
Hartara, galdera horiei erantzunez bildutako ekarpenetatik eratortzen den ildoak honoko ezaugarriak izango ditu:
Kolektiboa askapen prozesuan ari diren eragile eta taldeen zerbitzura egongo da.
?Preso politikook askapen prozesuaren aldi berrian Euskal Herriko eragileek bultzatutako ekimenen babesle, laguntzaile eta lankide izango gara.
?Burkideon partaidetza ez da egingo ordea protagonismotik, baizik eta beste edozein herritar edota militanteren mailan arituko gara, kartzelak jartzen dizkigun oztopoek uzten diguten neurrian. Gutako bakoitzak bere herriko taldeekin harremanetan bideratuko du bere ekimena.
?Horretarako, Kolektiboak eta preso bakoitzak herriarenganako zubi lana egin eta gure partaidetza bermatuko duten bitartekoak antolatu beharko dira.
Gure zeregina izango da ere, ez dadila izan kartzela frontea Ezker abertzalearen baitan kontraesanak sortzeko esparru edo aitzakia.
?Azkenik, orain artean bezala gure buruaren hezkuntzan jarraituko dugu, euskara hobeto menperatzen, gure herriaren historiaren eta borrokaren ezagutzan sakontzen eta independentziaren bidean lagungarri izan daitezkeen ezagutzez jabetzen.
Gaur egun Euskal Herrian abian diren ekimen anitzen zerrendatzea ezinezkoa da, gainera tokian tokiko borrokaren egoera ez da berdina. Horregatik gutako bakoitzak norbere herrikoekin harremanetan zehaztu beharko du nola bideratuko duen bere ekimen militantea.
Herritarren borrokekin bat egiteaz gain, batez ere gure ahalegina bi esparrutan garatuko dugu:
Gatazkaren ondorioen gainditzean.
Prozesu independentistaren baitan.
4. ILDOAREN BERRITZEA:
BATU, HERRIRATU, KALERATU
Honokoa izan da hausnarketa prozesuan ekarpen eta kezka gehien sortu duen atala. Izan ere, proposatutako ildoak orain arteko Kolektiboaren ildoarekin aldaketa esanguratsua dakar.
Ildo juridikoa eta kartzelaren erasoen aurrean eman beharreko erantzunak nola uztartu izan da kezka nagusienetakoa. Baina baita ere, ildo juridikoan sakontzerakoan kide bakoitza kartzela agintarien xantaiaren menpe geratzeko arriskua edota Kolektiboaren sailkapen berriak egiteko aukera berriei atea irekitzearena.
Preso bakoitzaren egoera juridikoaren arabera ildo juridikoan aukera desberdinak egongo dira. Norbera izango da ildo juridikoak eskaintzen dituen aukera horiei heltzea edo ez erabakiko duena, preso bakoitzak erabakiko du egin daitezkeen eskaera edo bide legal ezberdinei heltzea edo ez heltzea (erredentzioak, kartzela destinoak, graduen aldaketa, baimenak, baldintzapeko askatasuna, etab), eta bide horretan ondorenean zehazten den prozeduraren arabera EPPKren babesa eta laguntza izango du kide horrek.
Ildoa berritzeko proposatutako goiburua argi izanda [Kolektiboko kideen arteko elkartasuna eta batasuna] eta gure iparra bide hori herritarrekin bat egin behar dugula ongi gogoan hartuta [herriarenganako lotura] ondokoa izango da ildo juridikoa lantzeko aurrerantzean erabiliko dugun bide-orria:
Gutako bakoitza bere txosten juridikoaz jabetuko da.
Txosten juridiko horren azterketa burutuko dugu legelarien laguntzaz, gaur egungo legediaren arabera zer nolako aukerak egon daitezkeen jakiteko.
Gutako bakoitzaren txosten juridiko eta penal hori osatu ostean, lehenik Kolektiboaren zuzendaritzari ezagutaraziko diogu eta, ondoren, herritarrei, herrietan jakin dezaten zein den gure egoera eta zeri egin behar diogun aurre denon artean.
Txostenak ahalbidetzen duen ibilbide juridikoa aztertu eta gero, gutako bakoitzaren esku egongo da zer nolako urrats egingo duen erabakitzea. Norberak bere batzarrari egin asmo dituen izapideen berri emango dio Kolektiboaren oniritzia eta babesa jasotzeko.
Legediak eskatzen dizkigun urratsak egiterakoan sor daitezkeen egoera kontraesankorrei aurre egin eta irtenbidea aurkitzeko Kolektiboaren, eragileen eta herritarren babesa eta laguntza bilatuko dugu.
Gure militante izatearen aurka doazen eskabide politikorik edota politikoki askapen prozesuari kalte egiteko erabili daitezkeen urratsik ez dugu onartuko. Inork ez diezagula eska ez damu politikorik ez beste kideen zigorra luzatzeko edo espetxeratzeko kolaboraziorik. Konfrontazio armatuaren aldia itxi nahi da Euskal Herrian, eta, etorkizunerako aukera honekin ados egonik, inork ez diezagula eska gure ideiei eta gure helburu politikoei uko egitea. Kasu guztietan, Kolektiboaren eta herritarren babesa eta laguntza bilatuko dugu, ibilbidean zer nolako oztopoak jartzen dizkiguten jakinaren gainean egon daitezen.
Kasuan kasu, gutako bakoitzak egingo duen urratsa eragileen eta herritarren jakinaren gainean ez ezik horien babesarekin burutuko ditugu.
Bestalde, gutako asko eta asko torturatu ostean edota tortura bidez lortutako adierazpenen ondorioz kartzelatu gintuzten. Gure kasuak berrikustea eskatuko dugu eta nazioarteko estandarren arabera dagozkigun ondorioak aplikatzea.
?Legearen bidea ibiliko dugu gure askatasuna eskuratzeko, gatazkaren gainditzeak hala eskatzen duelako. Jakitun gara, noski, gaur egun indarrean dagoen legediak kontrako bidetik garamatzala, ez dagoela irtenbiderik. Indarrean dagoen gerra-legedi hori aldatzeko ahaleginean ari direnekin lankidetzan arituko gara, gure kasuak erabil ditzaten.
Espainiako agintariak oraindik ere ari dira sumario berriak irekitzen, urte luzetako kondenak bizkarreratzen... Orain arte bezala, gure zigorra luzatzeko edo zigor berriak bizkarreratzeko ekimen horien aurka egingo dugu.
Gatazka gainditzeko prozesuetan eskarmentua duten elkarteekin lankidetzan arituko gara, trantsiziozko justiziaren aplikatzeari begira eta aplikatzen zaizkigun legedi berezietan Estatuek egiten dituzten amarruak gainditzeko.
Gatazka armatuak izan dituzten herrietako eragileekin harremana bideratuko dugu, beren herrialdeetan preso politikoen askatasunaren inguruko gorabeherak nola konpondu zituzten ikasteko.
Ildo berri horrek gutako bakoitzari eskatuko dio kartzelaren hormetatik kanpora begiratzeko ahalegin handia egitea, zalantzarik gabe sortuko diren oztopoak gainditzeko modu bakarra izango delako.
Ez zaigu atzentzen estatuak Kolektiboaren ildo berria oztopatu eta indargabetzen arituko direla neke gabe. Horregatik izango zaigu beharrezkoa malgutasun handiz jokatzea, egindako urratsak eta erabakitako ekimenak ez daitezen bilaka abiatu bidean oztopo berri.
Ildo judizial hau ez da ordea etxeratzeko estrategia eraginkorraren osagai bakarra, bere garapena diseinu politiko, instituzional eta sozialarekin lagundu behar da, aukerak zabaltzeko.
Esparru juridikoak konfrontazio esparru izaten jarraituko du eta ildo berriak bere funtzio politikoa berritu eta eraginkor bilakatzea du helburu, jakinda Estatuek beren jarrera aldatzen ez duten bitartean kontraesanak pilatuko dituztela eta Euskal Herriaren eta Espainia eta Frantziaren arteko aldentzean sakonduko dutela. Estatuek gatazkaren ondorioak gainditzeari uko egiten diote, ondoren gatazkaren arrazoiei heldu beharko lieketelako.
Prozesu independentista abian jartzeak preso politikoon izaera eta funtzioa aldatuko du, nabarmenduko delarik Euskal Herriaren independentzia prozesua oztopatzeko bahitu politiko gisa atxikitzen gaituztela Estatuek.
Ildo berriko hiru ardatz nagusiak hauek izango lirateke:
Sakabanaketa amaitzea, Kolektiboa batuz.
Deserriratzea amaitzea, Kolektiboa Euskal Herriratuz.
Espetxeak hustea, kideak kaleratuz.
Bahitu guztiak kaleratzea da gure aldarrikapen nagusia. Gure espetxeratzeak irauten duen egun bakoitzak gatazka elikatzen du, konponbidea urruntzen du.
Guztion kaleratzea izanik gure iparra, gaur egun bizi dugun deserriratzea eta sakabanaketarekin amaitzeko erreferentzia gisa, Estatu espainiarrari begira Zaballako kartzelan eta Estatu frantsesari begira Mont de Marsan-ekoan berbatzea aldarrikatuko dugu.
Gure helburua ere Kolektiboa bera murriztea izanik, kartzelak husteko bidean emandako urrats oro ontzat emango luke EPPK-k, beti ere, kidegoaren adostasunez eta herritarren laguntzarekin. Beraz, kartzelak husteko prozesu baten baitan kokatuta egotekotan, hau da, soilik guztion kaleratzea helmuga duen prozesu dinamiko baten baitan, ontzat emango genuke, batze oro, hurbiltze oro eta kaleratze oro; batzea partziala izanda ere, hurbiltzea Euskal Herriratzea ez izanda ere, kaleratzea behin betikoa ez izanda ere.
Eta ondorioz, txartzat joko genuke eta aurre egingo genioke borroka eginez, bakartze orori, urruntze orori eta espetxeratze orori. Gaur egun estatu aparatuek gurekin eta gure hurkoekin daramaten xantaiazko joko krudelari aurre egiteko orduan, kidegoaren adostasuna ez ezik herritarren eta eremu sozial, sindikal, politiko eta instituzionalaren babesa bilatuko dugularik ekimen guztietan.
Bai bateko bai besteko ekimen ororen ezinbesteko bi baldintzak, bai borrokaldiak eta bai bide-juridikoan eman beharreko urrats berriak, kidegoaren adostasuna eta herritarren babesa izango dira.
2013ko EPPKren eztabaidak adierazi zuen norabide berriaren garapena izan beharko litzateke 2017an burututako honen ondorioa. Estatuen jarrera ez da aldatuko EPPK-k emandako urratsen arabera. Estatuen jarrera zurruna pitzatuko bada, kartzelak husteko estrategiak borroka zein diseinu politikoa, instituzionala, soziala eta juridikoa behar ditu.
5. ANTOLAKETA
Hausnarketa prozesu honi amaiera emateko eta egoera berriari aurre egiteko, alegia gatazkaren konponbidean eta prozesu independentistaren bidaide izateko, Kolektiboak bere barne-egituraketa eta kanpora begirako lotura aldatu eta berritzeko prozesua abian du.
2011z geroztik Kolektiboa erdira murriztu da eta garaian hautatu genituen ordezkari eta bozeramaileetako batzuk kalean daude.
Aurrerantzean zortzi kidez osatutako ordezkaritza izango du EPPK-k, Estatu espainiarraren kartzeletan bahitutakoen arteko bina gizonezkok eta emakumezkok eta Estatu frantsesarenetan bahitutakoen arteko beste bina gizonezkok eta emakumezkok osatua. Ordezkari horien arteko bik Kolektiboaren bozeramaile zeregina beteko dute. Zuzendaritza berria bozkatzeko, datorren urriaren amaiera arteko epea daukagu EPPKko kideok; ordutik aurrera, publiko egingo dira zuzendaritza berriko kideen izenak, eta horiek hartuko dute EPPKren zuzendaritzaren ardura.
Aldi politiko berri honetan, EPPK-k, antolakunde anitzetako kidez osatutako taldea izanik, bere burua izaera autonomoa duen kolektibotzat dauka.
Ezker abertzaleak adostutako ildo politikoari bete-betean men egiten badio ere, Kolektibo gisa bere ahots propioa izango du dagozkion gaietan.
EPPK-en binkulazio politiko zuzena Ezker abertzalearekin izango da, eta prozesu independentistarekin eta gatazka gainditzeari begira lanean ari diren eragileekin lotura zuzena izango du ere, Kolektiboa bera ez dagoenez inongo antolakunde ez erakunderen menpe.
Beren burua Kolektibotik at kokatu dutenenganako jarrerari dagokionez, alde batetik oroitarazi behar da EPPKren partaidetza borondatezkoa dela, eta, bestalde nabarmendu EPPK ez dela nor inori bere preso politiko izaera ukatzeko. Kide horiek dauden kartzeletako batzarrek erabaki beharko dute haiekiko harremanaren nolakotasuna, jakinda kide horiek EPPKrekin duten aurkakotasunaren oinarria eta desberdintasun nagusia haiek Ezker abertzalearen ildoarekin duten desadostasuna dela.
6. AURRERA BEGIRAKO
EKINBIDEA
Zeregin ugari utzi dizkigu eztabaida prozesuak. Hauek dira nagusienak:
Ordezkariak hautatu.
Norberaren txosten juridiko eta penala aztertu eta burura eraman daitezkeen ekimen eta izapideak erabaki.
Norberaren txosten juridikoa herritarrei jakinaraztea.
Presoon eta gure hurkoen aldeko elkarteekin batera Kolektiboak dituen beharrizan handienak aztertu (mota guztietako laguntzak, herriko informazioa, informazio politikoa, bestelako behar bereziak...).
Zuzendaritza berriak proposatu beharko du lau ardatz nagusi hauek barnebilduko dituen ildo berria:
?1. Presoon eta gure hurkoen alde antolatzen diren ekimenekin bat egiteko.
?2. Euskal jendarteari begira kartzeletatik burutuko ditugun ekimenak.
?3. Kartzelaren erasoei erantzuteko herritarrekin bat eginez burutuko ditugun ekimenak.
?4. Prozesu independentistarekin bat egiteko ekimenak.
7. AZKEN HITZA
Aieteko Adierazpenean presoen gaia ETAk bere gain hartu bazuen, gaur egun, halako aldebiko negoziaketaren antzurik ez dagoenean, EPPK-k bere burua, Ezker abertzalearen dinamikaren baitan, herriaren eta prozesu independentistaren garapenaren menpe jartzen du, preso guztion askatasuna Euskal Herriaren askatasunarekin lotuz.
EPPK-ren Zuzendaritza
Euskal Herria bihotzean, 2017ko uztailean
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide