Espainiako Gobernuak ez du asmorik euskal presoen urruntze politika amaitzeko. Ez, behintzat, ETA desegiten ez bada eta euskal presoek «damua» agertzen ez badute. Hala ziurtatu zuen atzo Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak. ETAk jarduera armatua utzi zuenetik, behin baino gehiagotan eman du mezu hori Madrilek. Atzo, ideia bera azpimarratu zuen Zoidok. «Gaur-gaurkoz» ez duela espetxe politika aldatuko berretsi zuen, baina segituan zehaztu zuen baldintza batzuk betez gero aukera hori zabal daitekeela: «Lehenik, ETAk behin betiko desagertu beharko luke, barkamena eskatu, arma guztiak eman, eta, damua erakutsi ondoren eta zintzilik dauden gaiak argitzen direnean, pauso batzuk eman litezke zer egin daitekeen ikusteko». Pauso horiek zeintzuk diren argitu zuen jarraian: presoak Euskal Herrira gerturatzea eta espetxeen eskumena Jaurlaritzaren esku uztea.
Kepa del Hoyoren heriotzaren ostean eta Iñigo Urkullu lehendakariak euskal presoekiko bestelako politika bat eskatu ondotik mintzatu da Zoido. Uste du «logikoa» dela Jaurlaritzak espetxe eskumena eskatzea, baina ohartarazi du ez dela «goizetik gauera» lortuko eta «denbora asko» beharko dela.
Omenaldiak eta protestak
Kepa Del Hoyoren aldeko omenaldiak eragozteko galdegin zion atzo PPk Jaurlaritzari, «onartezinak» direla iritzita. Bestalde, Galdakaoko Udaleko EAJ, Irabazi, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta EH Bilduk adierazpena sinatu zuten Del Hoyoren sendiari eta lagunei dolumiak emanez, eta urruntze politika amaitzeko eskatuz.
Espainiako hainbat espetxetako euskal presoak, berriz, Del Hoyoren heriotza salatzeko protestak egiten ari dira. Besteak beste, Sevilla II eta Huelvako presoak 24 orduko itxialdia ari dira egiten. Etxerat-ek, berriz, herritarrei dei egin die, igande honetan Euskal Herriko hondartzetan antolatutako bilkuretara joateko.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide