Marta Igarriz presoaren senideek Castello I espetxera (Herrialde Katalanak) eginiko bisitatik itzultzean asteazkenean izandako auto istripuari buruzko azalpenak emateko eta presoen urruntze politika salatzeko, prentsaurreko jendetsua egin zuten atzo Hernanin (Gipuzkoa). Igarrizen ama eta izeba behaketapean daude oraindik. Amak sei saihets ditu apurtuak, eta bi orno; izebak, bularreko hezurra hautsia. Ahizpa onik atera zen istriputik, eta, atzoko agerraldian, gertatutakoa gogoratu zuen, hunkituta, haren ahotsak eta keinuek erakusten zutenez.
Etxerat-ek, berriz, 2017ko balantzea egiteko baliatu zuen agerraldia. Azaldu duenez, aurtengo bederatzigarren istripua izan da Igarrizen senideena. Denera, hogei zauritu izan dira, eta haietako lau, larriak. Sakabanaketa politika indarrean jarri zenetik, hamasei dira hildakoak. «Astebururo-astebururo paketean maitasuna gorde eta errepidearen atzaparretara jaurtiak garen gorputz torturatuak gara», adierazi zuen Etxerat-eko bozeramaile Urtzi Errazkinek, atzo.
Elkartearen arabera, «intentsitate handikoa» eta «sufrimenduz beterikoa» izan da urtea. Azpimarratu du Espainiako eta Frantziako estatuek «aktibo» mantentzen dituztela «salbuespen neurri guztiak». Azaldu duenez, euskal presoen kopurua jaitsi da, «baina denek beren kondena oso-osorik bete dituztelako». Kartzelan gaixo daudenen egoera salatu du, eta aurten hildako bi presoak eta iheslaria gogoratu ditu. «Analisi positiboa egin nahiko genuke urte honetaz, baina ezin dugu: ez digute halakorik egiten uzten».
Dena den, Etxerat-ek azpimarratu ditu «euskal gizarteak» aurten emandako pauso «kualitatiboak», eta euskal erakundeek eta bertako eragile politiko eta sindikalek presoen eskubideen alde eginiko adierazpenak gogoratu.
Bilborako deia, Iruñetik
Bi aste geratzen dira Bilbon egingo den presoen aldeko mobilizaziorako, eta atzo goizean, Iruñean, manifestu bat aurkeztu zuten, ehun bat pertsonalitatek sinatua. Besteak beste: Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Gorka Urbizu musikaria, Oinatz Bengoetxea, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo pilotariak, eta Castillo Suarez eta Juanjo Olasagarre idazleak. Sinatzaileen arabera, aurten urrats «txalogarriak» egin dira gizarte zibilaren partetik, eta, bereziki, Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean, herritarrak ere «eskubide urraketen kontra» daudela uste dute, eta gizarte zibila «aktibatu» beharra azpimarratu dute.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide