«Itxaropenerako aukera» ikusi du Erkorekak Zoidok esanikoan

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko urt. 17a, 00:00

«Zuhurtzia handiz» jokatu nahi badu ere, Eusko Jaurlaritzak uste du Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidok egindako azken adierazpenetan «itxaropenerako nolabaiteko aukera» badagoela Frantziaren bideari jarraikiz Espainiak ere espetxe politika aldatzeko. Hala adierazi du Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak, gobernu bileraren ostean.

Frantziako Gobernuak espetxe politika aldatzeko asmoa hedabideetan agertu ondoren, Zoidok adierazi zuen gai horretan Frantzia eta Espainiaren arteko elkarlana «erabatekoa» dela. Espainiak espetxe politika aldatzeko aukeraz galdetuta, ez zuen baztertu, eta iragarri zuen Espainiako Gobernuak Espetxe Legea aldatzeko asmoa duela, aldaketa hori noiz eta zertan gauzatuko litzatekeen zehaztu nahi izan ez zuen arren.

Adierazpen horietan «esperantzarako aukera» ikusi du Erkorekak, nahiz eta aukera horretaz oso zuhur mintzatu den: «Iduri luke balegokeela arrazoizko epe batean espetxe politika aldatzeko aukera, presoen urruntzea gaindituko lukeen aro berri bati hasiera emateko».

Bezperan Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezek egin bezala, Erkorekak ere «norabide onean egindako urratsa» iritzi dio Frantziak erabakitakoari, eta erantsi du Espainiak ere bide beretik jo beharko lukeela. «Espetxe politika bereziak ez du inolako zentzurik», esan du.

Jaurlaritzak pentsatzen du Espainiaren gaur egungo espetxe politikak urruntzea duela oinarri euskal presoei dagokienez, eta horri akabera eman eta presoak euren sorterrira hurbiltzea «bateragarriagoa» litzatekeela «oinarri humanistekin» eta Europako Batasunak arlo honetan ezarritakoarekin.

Erkorekak berretsi du Eusko Jaurlaritza «diskrezioz» aritu dela lanean gai horren inguruan, baina ez du horri buruzko xehetasunik eman nahi izan: «Gauza hauek diskrezioz egin behar dira arrakasta erdietsiko badute».

Biktimen iritzia

Marimar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak iragarri du datorren astean, hilaren 24an, Parisera joango dela eta han bilera izango duela Frantziako Justizia Ministerioko ordezkariekin, Frantziako Gobernuaren erabakiaz informazio gehiago jasotzeko.

Blancok «harrigarri» iritzi dio albisteari, «orain arte hain eraginkorra suertatu den neurria» bertan behera uztea ekarriko lukeelako. Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzearen kontra dago «erabat», «ETA ez delako desegin, ez delako armagabetu eta barkamenik eskatu ez duelako».

AVT elkarteko ordezkariek bilera izan zuten atzo Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosekin eta Bake eta Bizikidetza zuzendari Alvaro Baraibarrekin. «Elkarlan esparruak» ireki eta sustatzeko egin dute bilera.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide