Euskal Herrian izandako tortura kasuez galdetuta, Espainiako Gobernuak onartu du «gehiegikeriak noski egon direla», baina horiek «salbuespena» liratekeela, eta tortura ez dela jarduera «orokorra» izan. Barne Ministerioko Estatu idazkari Jose Antonio Nietoren ahotik mintzatu da Espainiako Gobernua, EH Bilduko senatari Jon Iñarrituk galdetuta.
Eusko Jaurlaritzak agindu eta orain hurrengoan plazaratutako txosten batek 1960tik 2014 bitartean izandako 4.113 tortura kasu bildu ditu, eta horretaz galdetu dio Iñarrituk Espainiako Gobernuari. Nietok erantzun du ezin dela «epai orokorrik» egin, eta «aurrera begiratzeko» eskatu dio Iñarrituri: «Erantzukizunak elkarri leporatzeak ez dio bizikidetzari laguntzen».
Torturaren kontrako eguna izango da otsailaren 13a —Joxe Arregi torturaren ondorioz hil zeneko urteurrena da—, eta, hori dela eta, hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatuko dituzte datozen egunetan. Kalera Kalera dinamikak, esaterako, Pariserako martxa egingo du bihar Iratxe Sorzabal presoaren epaiketara joateko, hitzaldi bat egingo du hilaren 13an Irunen (Gipuzkoa), eta hilaren 17an ekitaldi politiko bat egingo du, hori ere Irunen.
Euskal Memoria fundazioak ere torturari buruzko mahai ingurua egingo du otsailaren 16an, Donostiako Carlos Santamaria zentroan, Jose Schulman, Laura Pego eta Eugenio Etxebesterekin.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide