Estatu arrazoiak aginduta

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko api. 15a, 00:00

Maiz aipatzen da nolako boterea duten Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileek doktrinak sortzeko; Baltasar Garzonena, kasurako. Hark sortu eta haren ondorengo batzuek bere egin zuten Dena ETA da tesia da adibide ezagunena. Orain, ETAren ondorengo garaian, Dena terrorismoa da sortzeko bidean da Carmen Lamela epailea.

Diskrezioa eta lan eskerga ditu ezaugarri, Auzitegi Nazionalaren korridoreak ezagutzen dituzten kazetarien arabera. Diotenez, harena oso urrun dago han ohikoak diren epaile izarren soslaitik. Zaila da haren irudirik topatzea; ez, ordea, auto judizial polemikoak.

2014. urtetik dago Auzitegi Nazionalean, 2015etik 3. Instrukzio Epaitegian, eta 2017ko azarotik da horko epaile titularra, Javier Gomez Bermudez ordezkatuta.

Zigor Kodean terrorismoari buruzko delituen artikuluetan eginiko aldaketekin batera iritsi zen auzitegira, eta lege berriaren espirituaren eta letraren defendatzailerik irmoena bihurtu da. Mahai gainean utzi zioten lehen kasuetako bat izan zen Altsasukoa, eta hortxe jarri du bere sinadura Lamelak.

Eta iritsi zaizkio Kataluniarekin loturikoak ere. Bere bulegotik pasatzen aurrenak izan ziren Jordiak; gero, Oriol Junqueras eta zortzi kontseilari. Eta denak kartzelara. Puigdemont eta beste lau kontseilari atxilotzeko lehen euroaginduak ere harenak dira. Eta aurreko astean inputatu zituen Jose Lluis Trapero Mossoen burua eta haren bi laguntzaile. Horiek orain artekoak.

Dena den, Lamelak Kataluniarekin duen lotura ez da horra mugatzen. Espainiako Gobernuaren esku dago hango autogobernua, Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez. Eta hori ekonomikoki ezartzeaz arduratzen den kontu hartzailea da, hain justu, Lamelaren ahizpa, Maria Luisa.

Iazko urriaren 1ean egin zuten erreferenduma han, eta hurrengo egunean jaso zuen Carmen Lamelak Barne Ministerioaren meritu polizialaren aingeru zaindarien domina. Guardia Zibilak ere saritu zuen, Zilarrezko Gurutzearekin, 2016an, Altsasuko auzia bere gain hartu eta 11 egunera.

Lamela ez dago afiliatuta epaileen elkarte batean, baina progresistatzat dute, Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldiko azken urteetan Francisco Caamaño Justizia Ministerioan aholkulari aritu zelako administrazioa modernizatzeko lantalde batean.

Dena den, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidente izateko aurkeztu zenean, ez zuen izan CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko batzordekide progresisten babesik; ezta kontserbadoreena ere. 21 botoetatik bakarra jaso zuen: Enrique Lucasena. EAJk CGPJrako proposatutako kidearena. Iazko maiatzean izan zen hori, eta ordurako hartua zuen Altsasuko auzia.

Lehia hori Concepcion Espejelek irabazi zuen, kontserbadoreen babesarekin, eta bigarren geratu zen Manuela Fernandez Prado, joera progresistakoa. Hain justu, bi epaile horiek egongo dira Lamelak auzitara eraman dituen zortzi gazteak epaituko dituen epaimahaian.

Kargurako lehiatu baziren ere, Lamelak babestu izan du Espejel. PPren ustelkeria kasuekin loturiko Gurtel auziko epaimahaitik kentzeko eskatu zuten akusazioek, epaile horrek eta beste batek alderdi horrekin dituen loturak argudiatuta. Bere botoarekin, Lamelak Espejel babestu zuen; bestea ez.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide