«Deportazioa bahiketa politikoa da»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko mai. 4a, 00:00
Agenda politikotik aparteago, ezezagunagoa da deportatuen egoera. «Bahiketa politikoa», Alfonso Etxegarai deportatuak deskribatzen duenez (Plentzia, Bizkaia, 1958). Sao Tome eta Principen dago, Frantziako Poliziak 1985. urtean atxilotu, Ekuadorrera bidali, eta handik Ozeano Atlantikoko irla horretara bidali eta gero. «Bahiketa», Sao Tome eta Principeko agintariek erantzun izan diotelako bere etorkizuna Espainiaren mende dagoela, izapide administratiboak egiteko bada ere: «Ez zen sententziarik egon, ez dut zigorrik bete... eta, 33 urteren ondoren, sine die deportatuta jarraitzen dut indarrez eraman ninduten herrialde batean, nire oniritzirik gabe eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoak ukatuta».

1978an joan zen Etxegarai Iparraldera, eta zortzi urte geroago bidali zuten Ekuadorrera. 1986an Quiton zegoela, Espainiako poliziek «bahitu eta torturatu» egin zuten Etxegarai, Anjel Aldana deportatuarekin batera. Urte horretatik dago Sao Tomen, eta, beraz, hiru hamarkada baino gehiago daramatza egoera horretan: «Pertsonalki, deportazioak gauza asko eragin dizkit. Pertsonalki, egoera zailak gaindiarazi dizkit, ezerezaren erdian torturatua izatea, kasurako. Familiaren alorrean, higatze neurtezina eta ordainezina». Militante politiko gisa, berriz, «erronka asko» jarri dizkio aurrean deportazioak: «Esaterako, milaka kilometrora bizitzea eta, bakardadean edo soilik nire bikotekidearekin, nire usteetan sakontzea edo zalantzak argitu behar izatea».

Bikotekidea Kristiane Etxaluz kultura eta politika esparruetako ekintzailea du. Alor politikoan, Enbata mugimenduko kide egin zen Etxaluz 1960ko hamarkadan, eta Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira ihesi joaten hasi ziren errefuxiatuak ezagutu zituen. 1965ean atxilotu egin zuten. Iruñeko espetxean preso egon zen. ETArekin lotura izateagatik espetxean sartu zuten Ipar Euskal Herriko lehena izan zen. Espetxetik atera zenean, 1967ko hauteskundeetan parte hartu zuen Enbataren hautagai modura. 1978an, euskal errefuxiatuen lanari lotu zitzaion, Ekinen. Han ezagutu zuen Alfonso Etxegarai. Euskal Herria eta Sao Tome artean igarotzen ditu urteak Etxaluzek, eta, hortaz, ezagun du deportazioa hark ere. Etxegaraik ez daki zehazki zer eragin dien deportazioak bere gertukoei, lagunei eta kideei: «Badakit horiek ere beren modura bizi dutela bahiketa politiko hau, eta horri aurre egiten jarraitzen dutela. Esan dezaket deportazioa gure kausaren magia iristen jarraitzen duen leku bat dela, askatasunaren ametsaren magia gizabanako eta herri guztiengana iristen den bezala».

Plentzia sorterritik 7.000 kilometrora dago Sao Tome, eta distantzia fisiko horretara bizi izan du Etxegaraik Euskal Herriko bake prozesua. Hala ere, egoerak ez du «kanpoan» harrapatu, urrun bizi arren: «Gatazkaren adierazpide biolentoa amaitzeko bidea topatzeko nahia ezagutu nuen ETAn 1980ko hamarkadan. Nahi hori gauzatu izanak, 2011ko urriko adierazpenaren bidez, ez ninduen harritu. Beraz, esan dezaket modu jarraian eta pasioz bizi izan dudala».

Prozesua gauzatzeko moduak harritu du gehien Etxegarai: «Idatzi izan dut honek guztiak aldebakarrekoa eta irudimentsua izan behar zuela. Bada, irudimenari dagokionez, positiboki harritu nau». Uste du prozesu osoan «asmatzen» ari direla eta «historiak nor bere lekuan» jarriko duela. Baina beharrezkoa iruditzen zaio zenbait gai azaltzea: «Zergatik den aldebakarrekoa, zergatik utzi dugun borroka armatua genituen aldarrikapenetako asko lortu gabe; gure herriari eta inplikatu guztiei argitu behar diegu hori. Azaldu zergatik hasi zen, eta zergatik bukatu».

Jarduera armatua behin betiko eten, armagabetu, eta bere burua talde gisa desegitea erabaki du ETAk 2011z geroztik, eta urteotan «beste aldeak aukera galdu» duela uste du Etxegaraik: «Gorrotoak eta zigortzeko asmo tematiak ez luke saihestu behar irtenbideak bilatzea. Euskal herritarrok inoiz ez dugu jardun mendekuz edo zigortzeko grinaz, gerra asko eta gutako asko galdu ditugun arren». Gerra terminoetan mintzo da sarri. Hain justu, liburu bat argitaratu zuen iazko azaroan, 1958ko gerra izenburupean (Txalaparta). Joseba Sarrionandiarena da hitzaurrea.

ETAren desmobilizazioarekin, 60 urteko zikloa itxiko du erakunde armatuak, eta «borrokarako tresnak beste batzuk izango dira, beste erakunde eta egitura batzuek zuzenduak», Etxegarairen hitzetan. Ikusgai dago desmobilizazio horrek eraginik izango ote duen presoen, iheslarien eta deportatuen egoeran eta horiek etxeratzeko aukeretan. Haren iritziz, «desmobilizaziotik soilik espero daiteke ETA desagertzea eta historiara igarotzea», baina hor geratuko dira ETAko kideak. «Bideak zabaltzen jarraitu beharko da, irtenbideak topatzeko. Ekintza demokratikoak (masa ekintzak, diplomatikoak...) gauzatzen jarraitu beharko da. Argiak eta irmoak izan behar dugu aurrerantzean ere, beste partea konbentzitzeko aukera bat dagoela denontzat eta guztiarentzat».

Ziklo berrirako itxaropenak

Zein eskakizun dituzte deportatuek ETAren existentziarik gabeko ziklo berrian? Zein itxaropen? «Horretarako, lehenik beharrezkoa litzateke deportatuok kolektibotzat sentitzea geure burua». Izan ere, egoera eta herrialde ezberdinetan egonik, errealitate ezberdinak bizi dituzte: «Zentzuzkoena litzateke egiazko bideak urratzen hastea deportazioa amaitzeko, bahiketa politiko hori amaitzeko, jakin arren herrialde ugarik eginiko korapiloa dela». Hori horrela, ez du beharrezko ikusten eskakizunak zerrendatzea: «Nahikoa da analisi on bat egitea korapiloa askatzen laguntzeko». Funtsean, helburua bakarra baita: «Deportazioa amaitzea eta Euskal Herrira itzultzea». Pertsonalki, Etxegaraik hasi du etxerako bidea: legalitatean sartzeko eskaria aurkeztu du jada, «deportazioa, bereziki, leku alegala delako».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide