Jaurlaritzak «egonkortasuna eta autogobernua» aintzatetsi ditu

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko mai. 23a, 00:00

Egonkortasuna eta autogobernua. Biak nahi ditu Eusko Jaurlaritzak: Espainiako aurrekontuak onartzeak abagune politiko eta ekonomikoari «egonkortasuna» ekarriko liokeela uste du, baina, aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren mehatxuaren aurrean «autogobernu esparrua errespetatzea» beharrezkoa dela pentsatzen du. Eta nahiago du bi lehentasun horien artean bat aukeratu behar ez izatea.

Ohi bezala, Jaurlaritzaren asteroko bileraren ostean mintzatu da Josu Erkoreka bozeramailea, eta Espainiako aurrekontuak eta horien inguruan EAJk duen jarrera izan ditu hizpide. Erkorekak esan du aurrekontuei baiezkoa edo ezezkoa emateko erabakia EAJri dagokiola, eta nabarmendu ditu aurrekontuak onartzeak haren ustez ekarriko lituzkeen ondorio positiboak: «Jaurlaritzak beti balioetsi ditu egonkortasuna dakarten erabakiak: aurrekontuak onartzea, esaterako», gogorarazi du.

Baina aurrekontuak onartzeko, 155. artikulua indargabetzea jarri du EAJk baldintzatzat, eta horren aurrean autogobernua «besteren esku hartzerik gabe» babestea ere zaindu beharreko irizpidetzat jo du Erkorekak. Ez du bataren eta bestearen artean aukeratu nahi izan: «Bi-biak dira garrantzi handiko parametroak», esan du. EAJk eta PPk adosturiko neurriak «positibotzat» jo ditu Erkorekak, eta erantsi du horiek «aintzat» hartu beharko liratekeela, baina erabakia EAJri dagokiola berretsi du.

UPNk eta PPk euskal presoen inguruan hitzarturikoaz, berriz, Erkorekak esan du Jaurlaritzak ez duela oraindik Espainiako Gobernuaren jarrera ofizialaren berri, eta, hortaz, Urkulluk eta Barkosek proposaturiko mahaian parte hartzeaz Espainiako Gobernuaren ezezko finkorik iritsi bitartean nahiago izan du baloraziorik ez egin. «Gai honetan ez dugu ezkorrak izan nahi», azaldu du Erkorekak.

Torraren erabakia

Askoren kalkuluen arabera, Quim Torra Kataluniako presidenteak gobernu berria eratzeak automatikoki ekarri behar zuen 155.aren indargabetzea eta PPren eta EAJren arteko akordioari bidea zabaltzea. Baina Torrak espetxean edo erbestean dauden lau politikari kontseilari izendatu ostean Espainiako Gobernuak 155. artikuluari eutsi dio.

Erkorekak «errespetua» azaldu du Torraren erabaki horren gainean, eta esan du Kataluniako Generalitateko eskumena dela kontseilarien izendatzea: «Dena den, pentsatzekoa da Torra jakitun zela horrelako erabaki batek nolako ondorioak ekarriko zituen», erantsi du.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide