«Bada elkargoari loturiko herritartasun bat»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko eka. 10a, 00:00

Euskal Hirigune Elkargoan ere gaiak ez ditu eskas Baionako auzapezak. Lurralderako instituzioaren zereginez, zailtasunez eta erronkez aritu da.

Garraio zergaren harira, kexu agertu da Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria. Gezurretan aritzea egozten dizu.

Nik nahiko nuke Garreta enpresez arduratzea, eta ez politikaz. Hautetsiak sufragio unibertsalean aukeratuak dira, aurkezteko arriskua hartzen dute, politika publikoak jartzen dituzte martxan. Merkataritza Ganbera enpresen interesak defendatzeko dago: erabat ulertzen dut hori. Baina Garretak erran behar badit zer egin behar dudan, Elkargoan nola kudeatu behar ditudan ekonomikoak ez diren beste gaiak, iruditzen zait ez dela bere zeregina, besterik gabe.

Aterabiderik ote du garraio zergarenak?

Legearen moldaketa bat nahi dut, eta, Edouard Philipperen gobernuak mugikortasunaz egin behar duen erreforman, Ipar Euskal Herriak zuzenketa bat egitea nahi dut, XXL lurraldeetan garraio tasa ezberdinak eman ahal izateko; lurraldeek jasotzen duten prestazioaren araberakoa izateko.

Lapurdin, 256.878 biztanle daude; Nafarroa Beherean, 31.784; eta Zuberoan, 14.781. Baionan daude Ipar Euskal Herriko enpleguen %60. Hiru urtean 10.000 biztanle berri datoz, eta erdiak BAMen egoten dira. Maiatzaren 19an erran zenuen: «Erantzukizunaren parte bat gurea da: hiri hedatzea kontrolik gabe egin da».

Desoreka erreala da; kezkatzen gaitu, eta desoreka iturri da; konpondu behar dugu. Eskaeraren eta eskaintzaren legea uzten badugu, herri liberal batean garenez, lurra diru gehien duenari saldua da. Ez diot mugak jarri behar zaizkienik lurralde honetara bizitzera etorri nahi dutenei, baina eusteko politika publikoak behar dira. Bestela, 1960-1970eko hamarkadetatik ezagutzen duguna gertatzen da: hedapen urbanoa. Erantzukizuna batena baino gehiagorena da, baina konstatazioa kezkagarria da. Gauzak berriz pentsatu behar dira; enplegu zonek barnealdean izan behar dute. Hori dugu erronka.

Instituziorik ez izateak eraginik izan ote du?

Bistan da. Horrela gaude ez zegoelako ikuspegi orokorrik. Luzaz satisfos ginen etxebizitza sozialak egiten zituen hiri bakarra Baiona zelako. %30era iritsi gara. Denbora bat behar izan dugu ohartzeko partekatu behar zela. Elkargoaren eskala egokia da lurraldearen galderei erantzuteko; batez ere, etxebizitzari buruzkoei.

Dirudienez, sufragio unibertsal zuzenik ez da izanen 2020rako; 2026rako bai?

Bai, sufragio unibertsala nahi dut. Gaur egun, 110 herri ditugu 1.000 biztanle baino gutxiagokoak; ahulduak dira. Sufragio unibertsalak indarra ematen die herri horiei. Alde batetik, elkargoak indar handiagoa izango baitu, eta lurralde guztirako politika publikoak eramatea ahalbidetuko baitu. Oraingoa trantsizio bat da. Zeharkako sufragio unibertsalarekin funtzionatzea ahulezia bat da instituziorako.

Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakaria eta Michel Etxebeste Mauleko auzapeza ez dira iritzi berekoak.

Entzuten dut, eta biziki serioski hartzen dut. Aldiz, ez zait egokia iduritzen, sufragio unibertsalak instituzioa indartzen duelako, eta ez duelako Elkargoa herrien gainetik nagusitzen, auzapezek segituko baitute Elkargoaren indarra izaten. Ezin da bestela izan. Gainera, bada Elkargoari loturiko herritartasun bat, pixkanaka nagusituko dena. Gazterian sentitzen dut Euskal Herriaren kontzientzia, herritartasun modu bat kasik, ez dena baitezpada ideia identitarioekin lotua.

Zer garapen ikusten diozu Euskal Elkargoari?

Traje batean gaude, eta josturak lehertzeko puntuan daude. Gure geroa eskuetan hartzen dugu. Notre Legea, ordea, ez da bururaino joan, politikakeriagatik. Geroaz kezkatu behar dugu, beraz. Diferentziaziorako eskubidea aitortzeko erreforma konstituzionala egin nahi du Macronek. Desberdintze eskubidean bururaino joatea nahiko nuke. Modu bat litzateke instituzio berezi bat aldarrikatzeko. Hasieratik pentsatzen dut Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatea behar dugula. Elkargoarena etapa bat da, interesgarria, eta lortu behar duguna, baina etapa bat.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide