German Rodriguez. Gaztea, baina eskarmentu handikoa

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko uzt. 1a, 00:00

23 urterekin hil zuten German Rodriguez Saiz iruindarra (Iruñea, 1955-1978) baina militantzia urte oparoak izan zituen bere hilketaren aurretik. Oso gaztetatik ernatu zitzaion egoera politikoarekiko grina, frankismoaren hondarreko urteetan. Orduan, dozenaka gazte nafarren antzera, mendi talde batean izan zuen hori garatzeko aukera Rodriguezek, Hemen eta Han mendi taldean. Mendi irtenaldietan ez ezik, taldearen antolaketaren ere barne formakuntzarako eta eztabaida politikorako aukera zuten gazteek. Ikasle taldeak ere izaten ziren horretarako abagune, eta Rodriguez Nafarroako Ikasle Batzordeetan (CEN) ibili zen urte haietan.

ETA-VI.ra jo zuen Rodriguezek. ETAren bosgarren batzarraren ondoko zatiketatik sortutako erakundeak Espainiako LCR Liga Komunista Iraultzailearekin bat egin zuen (Euskal Herrian, LKI). Euren estrategia zen langile mugimendu indartsu bat sortzea, tokian-tokian, besteak beste, fabriketan grebak sustatuz, erregimenari egoera ahalik eta zailago bilakatu eta, greba orokorraren bidez, iraultzaren baldintza politiko-sozialak sortzeko.

Iruñerrian buru-belarri aritu zen Rodriguez urte haietan, ardura politiko handiak hartuz. Izan ere, haren militantziakideek Rodriguezen «buruzagi sena» azpimarratu izan dute. Besteak beste, Iruñerrian izan ziren langile greba handietan esku hartu zuen. Motor Iberica enpresan izan zen greban, esate baterako, lehen aldiz Nafarroako langile guztiak greban irten ziren hango langileen babesean, eta LKIk amesten zuenaren moduko egoera bat irudikatu ahal izan zuten Iruñerrian. Lan horretan buru-belarri zebilela atxilotu zuten lehen aldiz, 1973ko ekainean.

Poliziak itaunketa luze eta gogorra egin zion, baina ez zuen lortu bere susmoa berrestea: hau da, Rodriguez ETA-VI.ko kidea zela frogatzea. Horrela, espetxera sartu ahal izateko, FRAP erakundearekin nahastu zuten poliziek. «Legez kanpoko erakundeko» kide zela egotzita sartu zuten Madrilgo Carabanchelgo espetxera.

Han, urtebete eta erdi egin zituen preso German Rodriguezek, eta, harreman zuzena eduki zuen ETAko, FRAPeko eta beste erakunde iraultzaileetako kide askorekin. Kalera irten zenean, Bizkaira jo zuen Rodriguezek, Iruñean militantzia politikorako «erreta» zegoelakoan. Bizkai aldean urtebete egin zuen, bere erakundearen agerkarietan lanean (Zutik, Inprecor, Combate, Proletario...). Franco hil ondoren, baina, Iruñera itzultzeko aukera izan zuen. LKIren barruan jarraitu zuen lanean, besteak beste, ikasle mugimenduan. Horretan ari zela, Arantzazun antolatu zuten biltzar baten hasieran atxilotu zuten Rodriguez, bigarren aldiz, 1976an. Diktadorea hil ondorengo testuinguru politikoa ezberdina zen, eta, alderdien legeztatzearen eztabaida pil-pilean egonik, Poliziak askatu egin zituen Rodriguez eta harekin batera atxilotutakoak.

Musika zalea izanik, gitarra jotzen ikasi zuen espetxean, eta akordeoia ikasten aritu zen bere bizitzaren azken urteetan. Horrekin batera, nekazari perituko ikasketei berrekin zien urte haietan, eta buru-belarri murgildu zen Iruñeko Parte Zaharreko Bizilagunen Elkartean eta beste herri mugimendu batzuetan. Asko aldatzen ari zen Nafarroako hiriburua elkarteak parte zaharrak zituen arazo nagusiak bistaratzen eta konpontzen saiatzen egiten zituen bere ahaleginak: etxebizitza zaharren egoera, gune berdeen falta, merkataritza txikiaren arazoak... Euskara ikasten ere aritu zen. Lan horietan ari zela iritsi zitzaion Poliziaren segada hiltzailea 1978ko uztailaren 8an. Gazte, baina bizitza oparo bat atzean utzita.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide