Polizia gehiegikerien biktimak babesik gabe utzi dituztela salatu du Nafarroako laukoak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko uzt. 31a, 00:00

Nafarroako Gobernua babesten duen laukoa kritiko azaldu da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eskuin muturreko taldeen eta segurtasun indarren indarkeriaren biktimen legearen aurka hartutako erabakiarekin, eta salatu du «babesgabe» uzten dituela indarkeria horiek jasan dituztenak.

Nafarroako Parlamentuak 2015ean onartu zuen legea, baina Espainiako Gobernuak, orduan PPk zuzenduta, helegitea aurkeztu zuen arauaren kontra. Konstituzionalak tramiterako onartu zuen, eta, horrela, legea bertan behera utzi. Igandean zabaldu zenez, magistratuek ebatzi dute artikulu nagusiak indargabetzea, argudiatuta konstituzioaren aurkakoa dela auzitegietatik at dagoen batzorde bat eratzea delituak ikertzeko. Lau magistratuk boto partikularra eman dute.

Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak azpimarratu duenez, «gehiengo zabal batek» babestu zuen araua, eta salatu du erabakiak «burujabetza urritzen» diela legebiltzarrei. Alberto Catalan UPNko parlamentariak, ordea, auzitegien erabakiak errespetatzeko eskatu du. Unai Hualde Geroa Baiko parlamentariarentzat, erabakia «mingarria» da: «Egia, justizia eta erreparazio politika bat benetan egiteko asmoa zuen lege horrek». Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariaren iritziz, berriz, «larria» da epaia: «Zigorgabetasuna ematen die hiltzaile eta erasotzaileei, eta babes instituzionalik gabe uzten ditu biktimak».

Arau «ezberdinak»

Konstituzionalaren erabakia hizketagai izan zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere. Uste du auzitegiak Nafarroako legearen kasuan erabili duen doktrina ezin dela ezarri gai berari buruz Eusko Legebiltzarrak onartutako arauarekin, bi egitasmoak «nabarmen ezberdinak» direlako «ikuskeran eta helburuetan».

Erkorekaren arabera, gertakizunak ikertzea da Nafarroako legearen xedea, baina ez, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako arauarena; Euskal Autonomia Erkidegokoak «biktimak aitortzeari eta babesteari» egiten dio erreferentzia.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide