Auzipetutako sei ertzainen deklarazioak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko urr. 15a, 16:29

Gaur deklaratu dute Iñigo Cabacasen hilketaren epaiketan auzipetuta dauden sei ertzainak. Hiruk arduradun gisara egin dute, orduan ofizial zen batek eta 13. eta 14. furgonetetako arduradunak. Beste hiruek tiroak egin zituztelako daude eserita akusatuen aulkian. Gaur hasi da epaiketa eta lehen egunak eman du zer esan. Hauek dira seien deklarazioak, Gotzon Hermosilla BERRIAko kazetariak epaitegitik bertatik Twitter sare soziala baliatuz egin duen kontakizunean oinarrituta.

Lehen ertzainaren deklarazioa
Ofiziala zen Cabacas jo zuten egunean; orain ez dago Ertzaintzan

- Operatibo horretara Bilboko herri segurtasuneko agenteak bidali zituzten, "istiluen kontrako jardunean oso eskarmentu gutxikoak".

- Ez zuen ematen plazan aritzea beharrezkoa zenik. Ugartekok eman zuen hara jotzeko agindua. Joan zirenean, plaza hustuta zegoen.

- "Ni ez nintzen sartzearen aldeko. Nigatik, joan egingo ginen. Baina sartzeko agindu ziguten".

- "Han herriko taberna dago, giro abertzaleko lekua da. Ertzainak hara bidaltzeak istiluak sor zitzakeen".

- [Galdera: hara joatea erabaki okerra izan zela uste duzu?] "Erabaki okerra, edo sarraskia eragiteko gogoa"

- "Iritsi ginenean Iñigo lurrean zegoen, Athleticen bufanda batekin, belarritik odola zeriola".

- "Tiro egiteko gutxieneko distantzien berri ez genekien, arauak ez genituen ezagutzen, gu ez ginen horretan aritzen. Agente batzuek gau hartan hartu zuten pilotak botatzeko eskopeta estreinako aldiz".

- "Gu ez ginen kontziente gomazko pilotak hiltzeko gauza direla. Ordura arte ez zen inoiz gertatu; agian zortea izan genuen".

Bigarren ertzainaren deklarazioa
14 zenbakidun furgonetaren arduraduna

- Kalexkara iritsi ziren han bi taldeetako zaleen arteko liskarra zegoela sinetsita.

- Pilotak jaurtitzeko agindu zuen. Uste du beharrezkoa zela "erradikalen erasoa ikaragarria zelako".

- Ez zuten ahozko abisurik eman.

- Bazekien pilotak hilgarriak izan daitezkeela, baina uste du erabilpena justifikatuta zegoela: "Gure eta herritarren bizia eta integritatea arriskuan zegoen".

- Esperientzia zuten: "Gure belaunaldikook txapelaz baino gehiago kaskoaz atera gara akademiatik".

- "29 urtean, ordukoaren moduko ehunka operatibotan parte hartu dut, edozein ertzainek bezala. Batzuetan, zazpi aldiz astean"

- Tiro egiteaz akusatutako hiru ertzainek baino askoz gehiagok egin zuten tiro.

Hirugarren ertzainaren deklarazioa
13 zenbakidun furgonetaren arduraduna; herri segurtasuneko azpiofiziala

- Tiro egitea agindu zuenik ukatu du, nahiz eta aurreko deklarazioetan, agenteek esan dute entzun ziotela tiro egiteko agintzen.

- Kalexkan zeuden guztiak ez ziren istiluan parte hartzen ari.

- "Oinez sartzeko indar nahikorik ez genuen. Egin genuena egitea beste biderik ez genuen izan".

- "Operatiboak bazituen arriskuak, baina egin beharra zegoen"

Laugarren ertzainaren deklarazioa
14. zenbakidun furgonetan zihoan eta tiro egin zuen

- Horrelako istiluetan eskarmentua zuen.

- Tiro egin zuen. Dioenez, lehenengo tiroa pilotarik gabea zen, eta beste lau egin zituen pilotekin, airera.

- Fiskalak galdetu dio ea berak jaurtitako pilotaren bat kalexkara sartu ote zen: "Litekeena da".

- 13. furgonetako arduradunak "propio" eman zien tiro egiteko agindua (aurretik arduradun horrek ukatu du agindua eman izana).

- Bazekien pilotak hilgarriak direla: "Horregatik nik beti airera egiten dut tiro".

- Esan du eraso egin zien jendez beterik zegoela plaza (bideoa jarri dute; plazan ez da ia inor ikusten).

- Erasotzaileek aurpegia estalirik zuten, baina ez zuten kaputxarik atzeman.

- Operatiboa amaitutakoan 7 edo 8 eskopeta ikusi zituen erabilitako eskopetak uzten diren tokian.

Bosgarren ertzainaren deklarazioa
14. furgonetan zioan eta honek ere tiro egin zuen.

- Beste ertzain batek esandakoa berretsi du: walkietako pilek ez dute lanaldi oso bat irauten, eta gauerako walkieak pilarik gabe zeuden.

- Iritsi zirenerako beste ertzain batzuk tiro egiten ari ziren.

- Bizpahiru aldiz egin zuen berak tiro, "beti airera".

- Lehenengoak ez bezala, ez zion entzun subofizialari tiro egiteko agindurik.

- Uste du egindakoa "zuzena" izan zela, eta ezin izan zutela bestela jokatu.

Seigarren ertzainaren deklarazioa
Tiro egin zuen.

- 13. furgonetako arduradunari tiro egiteko agintzen entzun zion.

- Lau pilota jaurti zituen. Beste tiro bat ere egin zuen, "baina pilotarik gabekoa".

- Pilotak "parabola" egiteko moduan bota zituela esan du.

- Urrutitik ari zirela adierazi du, eta pilotek lesioak eragin ditzaketela aitortu arren, "distantzia horretatik" arriskurik zegoenik ez du uste.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide