Rajoyren amnesia eta Urkulluren "bermerik eza"

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko ots. 28a, 11:26

Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan Madrilen eta Bartzelonaren artean eginiko bitartekaritza lanaz azalpenak eman ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, buruzagi independentisten aurkako epaiketan. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak deklaratu eta ordu gutxira mintzatu da Urkullu. Aski ezberdinak izan dira bi lekukotasunak.

Batetik, kontraste handia egon delako Rajoyren "amnesiaren" eta Urkulluren zehaztasunaren artean. Prozedura Kriminalaren Legeak zehazten duenez, lekukoak derrigortuta daude egia esatera, eta zalantzagarria da Rajoyk hala egin ote zuen. Izan ere, Espainiako gobernuburu ohiak atzo aitortu zuen Urkullurekin hitz egin zuela, baina ez zen gai izan ziurtatzeko harekin pertsonalki batzartu zen edo ez: "Zaila egiten zait gogoratzea pertsonalki edo mezu bidez hitz egin ote nuen". Urkullu zehatzago aritu da: aurrez aurre egon zen Rajoyrekin, 2017ko uztailaren 19an.

Urkulluren deklarazioaren beste gakoetako bat zen zein izan zen bere jokabidea Rajoyrekin eta zein Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentearekin; eta kontrara, zein izan zen bi horien jarrera Urkullurekiko. Lehendakariaren bi hitzek adierazten dute jokamoldeen arteko aldea: Puigdemontek "harrera ona" egiten zien Urkulluren planteamenduei, eta Rajoy "uzkur" ageri zen "negoziazio gisa uler zitekeen pauso oro emateko". Hainbat sektoretatik Puigdemont jo izan dute erruduntzat urriaren 27an hauteskundeak baztertu eta independentzia deklarazioa aurrera eramateagatik, baina Urkulluk baieztatu du zer egon zen Puigdemonten erabaki horren atzean: ezin izan zion "bermerik" eskaini 155. artikulua ezarriko ez zela ziurtatzeko.

Eta erdibidean, mamia. Rajoyk atzo esan zuen, eta Urkulluk gaur berretsi: Jaurlaritzako lehendakariak "inola ere" ez zuen mahai gainean jarri autodeterminazioa edo erreferendum bat egiteko aukera. Gatazkaren muina konpontzeko tresna, alegia.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide