EH Bilduk erabakigarria izan nahi du Madrilen, ERCrekin batera

Erabiltzailearen aurpegia berria 2019ko mar. 12a, 00:00

Koalizioan joango balira, araudi aldetik Espainiako Kongresuan bozen ondoren talde propioa osatzeko zailtasunak lituzkete, eta, hori saihesteko, beste formula bati heldu diote EH Bilduk eta ERCk datorren apirilaren 28ko Gorteetarako hauteskundeetarako: «Koalizio politikoa» osatu dute, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu duenez. EH Bilduk larunbatean iragarri zuen aurreakordioa, eta atzo haren Mahai Politikoak onetsi egin zuen, Donostian egindako bilera batean. «Erabakigarriak» izan nahi dute Kongresuan eta Senatuan, Otegiren arabera.

«Erabakigarriak, zertarako?», ordea, galdetu du EH Bilduko arduradunak, hedabideen aurrean. Hiru puntuko akordioa egin dute ERCrekin: autodeterminazio eskubidearen defentsa, preso «politikoen» askatasunaren aldarrikapena eta politika «murriztaileen» aurkako alternatibak. Era berean, EH Bilduk dio «Euskal Herriaren agenda soziala erdigunean» jartzeko lan egingo duela. Orain, beste indar batzuk batu nahi dituzte. «Akordioa zabalik dago». Europako Parlamenturako maiatzaren 26ko bozetarako, BNGrekin eta Kanaria uharteetako, Asturiasko eta Aragoiko alderdi txiki batzuekin Orain Errepublikak koalizioa osatua dute.

Inoizko talde subiranistarik handiena eratu nahi dute Madrilen. Otegik iragarri du «asko» izango direla han, eta «ekintza batasun estrategikoan» jardungo dutela. «Posizio negoziatzaile indartsu batetik ariko gara, sekula ez bezala. Aro historiko bati erantzuteko urrats kualitatiboa da». «Hirugarren blokea» osatu nahi dute. Haren esanetan, PPk, Ciudadanosek, Voxek eta Errege Etxeak osatutako blokea «atzera begira» dago, eta PSOEk eta EAJk osatutakoa «gauden bezala geldi gaitezen ari da lanean». «Gurea etorkizunera begira dago».

Marian Beitialarrangoitia da egun EH Bilduren diputatuetako bat Kongresuan, baina, atzo jakin zenez, ez da berriro aurkeztuko, eta aurrerantzean EH Bilduren arduradun instituzionala izango da. Taldeak Beitialarrangoitiaren «esperientzia» nabarmendu du.

EAJren erronda Europarako

EAJren EBBk atzo iluntzean erabaki zuen bilera sorta bat abiatzea alderdi kataluniar, galiziar eta kanariarrekin, Europako hauteskundeetara haietakoren batekin batera aurkezteko formulak aztertzeko. PDeCATekin joan-ez hitz egiten aritu dira, baina PDeCATek zerrendaburu Carles Puigdemont aurkeztu du, eta zaildu egin die horrek akordioa.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide