Espainiak ez du nahi Servinik Martin Villa ikertzea

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 13a, 00:00

Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatu behar zuen martxoaren 20an, frankismoko biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira. Espainiako Gobernua, ordea, deklarazioaren aurka agertu da. Kereila argentinarraren aldeko koordinakundeak adierazi duenez, Espainiako Justizia Ministerioak hartu du erabakia. Hark argudiatu du Servinik nazioarteko eskakizun bat egin beharko lukeela Martin Villa galdekatzeko, Espainian ez baitauka jardunerako eskumenik. Hala ere, koordinakundeak salatu du eskaera aurrez egina zuela epaileak, baina Espainiako epaitegiek bi aldiz baztertu zutela.

Hain zuzen ere, Argentinako Auzitegi Nazional Kriminal eta Korrekzionalaren ikerketapean dago Martin Villa, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Joan den abenduaren 20an deklaratu behar zuen bertan, baina atzeratu egin zen deklarazioa. Azkenean, Servinik erabaki zuen Madrilen galdekatzea, eta hara joatekoa zen funtzionario talde batekin batera. Beste auzipetu batzuekin batera hartu behar zion deklarazioa ministro ohiari, eta epaileak ondoren erabaki behar zuen epaibidera igorri ala ez.

Ohorezko dominak

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Espainiako Kongresuan atzo egindako kontrol saioan Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari galdetu zion ea zer egingo duten giza eskubideak urratu eta ohorezko dominak dituzten poliziekin. Iñarrituk Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-ren kasua izan zuen aipagai, eta gaineratu zuen «torturatzaile frankista» izan zela.

Grande-Marlaskak, ordea, ez zion erantzun garbirik eman egindako galderari. Adierazi zuenez, martxan dago «konstituzioaren aurkako jarrera izan duten pertsonei ohorezko dominak era erregular batean kentzeko» lege proiektuaren aukera. Iñarrituk, berriz, ministro ohiaren hitzei erantzunez, gehitu zuen ez dagoela dominak edo onurak kenduko dituen lege bat babesteko arazorik. Hala ere, Euskal Herriko egoera oinarri, adierazi zuen lege proiektua «zabalagoa» izan beharko litzatekeela: «Torturarengatik edo gerra zikinarengatik kondenatutako polizien gehiengoa karguz goititu dute, medaila batekin saritu dute edo barkatua izan da».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide