Jakes Esnalen aferan fiskalak ukan jarrera salatu du Etxerat-ek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 14a, 00:00

«Ez bada mendekua, ez bada xantaia, zer izaten ahal da ukapen sistematiko horien arrazoia? Sufrimendua muturrera eramateko asmoa? Heriotzaraino?». Galdera horiek egin ditu Etxerat elkarteak, Baionan, Jakes Esnal euskal presoaren aferan fiskalaren erabakia salatzeko emandako prentsaurrekoan. Esnalek baimena eskatu zuen bizpahiru orduko kirol ibilaldi baterako kartzelatik ateratzeko, beste preso batzuekin batera presondegiko zaindarien zaintzapean irteteko. Zigorrak Ezartzeko epailea neurriaren alde azaldu zen, baina terrorismoaren kontrako fiskalak helegitea ezarri zuen berehala, eta Esnal ezin izan zen espetxetik atera.

Gizarteratzeaz arduratzen den zerbitzuak ere irteera baimenaren alde zeuden. «Ez dago inolako dudarik Esnalen jarrerari eta kirol baimenaren koadroaren errespetuari buruz», adierazi du Maritxu Paulus Basurko abokatuak, Baionan. Espetxeko zuzendariak ere «oso aldeko iritzia» eman zuen, haren jarrera «eredugarritzat» jota. «Esnalen espetxeratzea inolako arazorik gabe gertatu da orain arte; ateraldi baterako baimenak zentzu osoa du», Paulus Basurkoren arabera.

Abokatuak «kezkagarritzat» jo du egoera. Esnalek egina du baldintzapean aske geratzeko eskaera, eta martxoaren 13an aztertzekoa dute haren kasua. Paulus Basurkok uste du jarrera horrek agerian uzten duela fiskalak ez duela «inondik ere» onartuko Esnal eta harekin batera atxilotu zituztenak baldintzapean aske uztea —kasu berean dira Frederique Haranburu eta Ion Kepa Parot euskal presoak—.

Frantziako Estatuko espetxeetan diren bertze euskal preso batzuen kasuak ere oroitu dituzte: Lorentxa Beirierena eta Ibon Fernandez Iradirena, erraterako, prokuradoreak trabatuak baititu baldintzapean aske ateratzeko eskaerak. Bide beretik, Etxerat-ek gogor salatu du David Pla euskal preso ohiaren atzoko atxilotzea.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteari zuzendu dizkiote agerraldiko azkeneko hitzak: «Hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diogu, konponbidearen eta elkarbizitzaren bidean. Arduraz jokatzeko eskatzen diogu Frantziako Estatuari».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide