«Nire begietara, bigarren etxebizitzena ez da arazo bat Donibanen»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ots. 29a, 00:00

Peyuco Duhart auzapezaren heriotzaren ondoren, haren lekukoa hartu zuen 2017an Jean François Irigoienek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1962). Harro dago egindako lanaz, eta auzapezgai aurkeztuko da bozetan.

Zer moduz joan da legealdia?

Gure balantzea ezin hobea da, eta zenbakiek hori diote: 30 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu sei urtez, eta zorra ttipitu dugu zergak emendatu gabe —etxebizitzen eta lurren gaineko zergak pixka bat apaldu ditugu—.

Zer proiektu egin dituzue?

Adibidez, lehen haurtzaroaren gunea eta Itsas Argia haurtzaindegi elebiduna; ikastola berriaren eraikuntza; hainbat karrika eta plaza berritzea; seinaletika elebiduna; osasun zerbitzuak; kirol instalazioak... Bertze proiektu batzuk ere baditugu martxan: gune kulturala, kongresuentzako zentroa —negozio turismoa garatzeko—, Foch gunearen antolaketa...

Zer moduz oposizioarekin?

Auzapezgora iritsi bezain laster lan egin nahi izan dut haiekin proiektu nagusietan. Herri Berri aritu da, baina sozialistak, ez.

Zer diozu bigarren etxeen arazoaz? Oposizioak dio ez duzuela deus egin konpontzeko.

Engainagarria litzateke sinestea oposizioa hobe kokatua dagoela hori konpontzeko. Eta, nire begietara, ez da arazo bat. Jabetza eskubidearen alde nago, eta Donibane Lohizunen bigarren etxebizitza erosten dutenen kasu gehienak dira erretretaren ondotik hona bizitzera datozenak. Gainera, bigarren etxeen tasa %3,4 ttipitu da 2014 eta 2019 artean, eta lehen etxebizitzena, %6,6 handitu. Etxebizitza politika aktiboen emaitza da hori: legealdi honetan 261 etxebizitza sozial egin ditugu, eta zerga handitu diegu bigarren etxeei.

Zer espero duzu bozez?

Donibandarrek gurekiko konfiantza berritzea. Badakit balioa emango diotela herria ongi kudeatu izanari. Donibandarren egunerokoan jarri nahi dugu arreta: gure ondarea, tokiko ekonomia eta enpresak, ingurumena, gure arrantzaleak, gazteek hemen lan egin eta bizi ahal izatea...

Manuel de Lara aparte aurkeztuko da. Kalte eginen dizu?

Libre da. Baina oportunismoa eta traizio politikoa ditu. Donibandarrek ez dute utziko engaina ditzaten.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide