Gure Esku, jalgi balkoietatik plazara

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 7a, 00:00

Duela aste gutxi batzuk, Bilboko Plaza Eliptikoa, hiriburuko gainerako kaleak bezalaxe, huts, isil eta mortu ageri zen. COVID-19aren izurriaren ondorioz, alarma egoera indarrean zegoen, eta herritarrak etxean konfinaturik egotera behartuta zeuden. Oso bestelako itxura zuen atzo: musika bozgorailuetatik,koloretako puxikak, ikurrinak eta jende ugari bazterretan, maskara jantzita eta segurtasun tarteari eutsiz, Gure Esku-k deituta.

Izan ere, martxoaren 11n aurkeztu zuen Gure Esku-k Hamaika Gara ekinbidea, 23 eragilek sustatutako dinamika, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa ere aurreikusten zuena. COVID-19aren izurriak eta horrek ekarritako itxialdiak egitasmoa atzeratu dute, baina orain, «plazak berreskuratzeko» garaia iritsi dela deritzo Gure Esku-k, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu herririk herri, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean. Atzo Bilboren eta Lezoren (Gipuzkoa) txanda izan zen; gaur beste 50 bat herritan egingo dituzte antzeko ekitaldiak.

Bilbokoan, 250 bat lagunek parte hartu zuten, eta Plaza Eliptikoan kokatu ziren, segurtasun tarteari eutsita eta enparantzari itzuliak emanez. Elkarretaratzeetara nork bere aldarria ekartzeko deia egin du Gure Esku-k, eta gonbitari erantzun zioten parte hartzaileek. Esku artean zeramatzaten afixetan mota askotako aldarriak agertzen ziren: Demokrazian sakondu, Aztarna ekologikoa murriztu, Lana, pentsioak eta bizitza duinak, Testak denontzat, Gorputz eta identitate guztiak aske, Black lives matter eta abar.

Bilbon ere, pandemiak lanean harrapatu zituen Gure Esku-ko kideak, Kafe Antzokian egitekoa zen ekitaldia prestatzen eta hiriko eragileekin harremanetan Hamaika Gara dinamika aurkezteko. Itxialdiak dena zapuztu zuen, aurkezpenean Mirian Camposek eta Unai Beaskoetxeak adierazi bezala.

«Horregatik gaude hemen», esan zuen Camposek. «Balkoietatik plazetara salto egiteko beharra ikusi dugu. Gure kaleak berreskuratu eta edukiz betetzeko deia egin dugu».

«Errealitate distopikoa»

Camposek eta Beaskoetxeak adierazi bezala, «errealitate distopikoa» nozitu dute herritarrek hilabete hauetan guztietan. Eta «autoritarismoan eta kontrolean oinarritutako gizartearen arriskua» uxatzeko, Bilboko zenbait arlotako kideek George Orwellen 1984 eleberriaren pasarteak irakurri zituzten ekitaldian.

Milia Ortiz de Pinedo eta June Telletxea feministak, Jaime Mendia EHGAMeko kidea, Iratxe Urizar giza eskubideetan aditua, Steilas sindikatuko Ana Perez, Beñat Zarrabeitia kazetaria, EHUko katedradun Iñaki Zabaleta, Bilboko konpartsetako kide Julen Larrea eta beste hainbat aritu ziren Orwellen liburuaren pasarteak irakurtzen: «Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du. Iragana kontrolatzen duena etorkizuna kontrolatzen du. Gerra bakea da. Askatasuna esklabotza da. Ezjakintasuna indarra da».

Anaia Handiaren eta Egiaren Ministerioaren berbak oraindik airean zeudela, Gure Esku-ko bozeramaile Josu Etxaburuk hartu zuen hitza. Esan zuenez, itxialdian herritarrak etxean egon dira, «baina erabakitzeko eskubidea ez da etxean geratu. Burujabetzan sakontzeko nahia plazan dago berriro».

«Itxialdian asko pairatu dugu, baina baita asko ikasi ere», azaldu zuen Etxaburuk. «Ikasi dugu, esaterako, osasun krisiari, krisi ekonomiko eta sozialari, ezin zaiola aurre egin herritarroi bizkarra emanda. Krisiei hemendik eta denon artean erantzun nahi diegu, herritarrok hemen erabaki nahi dugulako».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide