Zer eskatuko zenioke lehendakariari?

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 26a, 00:00

«Bizitzak lehenesteko plana eskatuko diogu»

COVID-19aren harira sortutako krisiarekin, argi geratu da jokoan dagoena bizitza dela: osasun eta zaintza sistema indartsurik gabe ez dago bizitza duinik. Bizitza zaurgarria da, eta ezinbestean zaindu beharrekoa.

Horrenbestez, funtsezkoa da bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu bat egikaritzeko, zaintza ereduaz hausnartzea. Pertsonen artekoak zein gizakiok naturarekin dugun harremanak errespetuan eta elkarrekikotasunean oinarritzeko, eredua definitzen eta materialitzatzen hasi behar dugu. Ezin dugu emakumeen bizkar utzi bizitza eusteko ardura, historikoki egin den bezalaxe.

Elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egin eta sustatu behar dira erakunde publikoetatik. Hiru gako daude norabide horretan: lehen gakoa da bizitzaren zaurgarritasunaren eta elkarmenpekotasunaren ideia. Menpekotasuna da izakiok dugun ezaugarri komuna, etengabeko hartu-emanean bizi behar dugu. Derrigorrezkoa da guztiok zaintzea, elkar zaintzea.

Bigarrena da, bizitza guztiek balio berdina dutela. Batzuk ez dute beste batzuk baino gehiago balio, nahiz eta jendarte antolaketa honek gutxi batzuk bakarrik pribilegiatu (gizonak, zuriak, burgesak, heterosexualak, helduak eta funtzionalki normatiboak). Hirugarren gakoa honako hau da: ezinbestean begiratu behar diogu bizitza zaintzeko lanaren antolaketari. Hori gainditzeko, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak demokratizazio prozesuan jarri behar ditugu.

Lehendakari berriari bizitzak lehenesteko plana egitea eskatzen diogu. Bide horretan, ikusten ditugun egiteko nagusiak dira herritarrak eta komunitateak indartzeko baliabideak eskaintzea, zaintzari aitortza politikoa ematea, zaintza lanak birbanatzeko ekinbideak martxan jartzea eta zaintzaileen bizi-baldintzak duintzeko apustua egitea. Mugimendu feministako kideok elkarlan horretarako prest izango gara.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide