Segurtasunak aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 28a, 00:00

Segurtasuna da azkenaldian modako hitza, batez ere koronabirusaren krisia dela eta. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina honetan ere, arreta hautagaien diskurtsoetan jartzen badugu, ikusiko dugu garrantzi berezia eskuratu duen kontzeptua dela: badatorren krisi ekonomikoaren aurrean, herriari segurtasuna eskaintzen diote hautagaiek. Edo gazteek bereziki pairatzen dituzten prekaritate eta etxebizitza arazoen aurrean, segurtasuna bermatuko duten irtenbideak proposatzen dituzte. Berdin pentsioen aferan, eta abar. Segurtasuna ezin da, beraz, eskuinari edo ezkerrari lotu, ia denek azpimarratzen baitute. Beste baterako utziko dugu ezkerra zer ote den argitzeko eztabaida, badirudi-eta kanpainan Iñigo Urkullu lehendakariak bidezior hori irekitzeko gogoa duela.

Orain dela urte gutxi batzuk oso modan egon ziren eztabaida publikoan Ernesto Laclau eta Chantal Mouffe ikerlarien teorizazioak, populismoa aztergai dutenak. Podemos alderdiaren lehen agerraldiari loturik gertatu zen arrakasta hori, alderdiaren sortzaileek egile horien ideietan oinarritzen baitzuten, oro har, euren estrategia politikoa. Teorizazio konplexu horren baitan, adierazle hutsaren ideia zentrala da. Modu laburrean esanda, jendartean adostasuna lortzen duten kontzeptuak eta esanahi asko barne bildu ditzaketenak dira. Arreta kanpaina honetan jarrita, alderdiak euren egitasmoa segurtasunaren ideiari lotzen saiatzen direla ikus dezakegu, adierazle huts horren jabe egin nahian.

EAJk ez dauka arazo handirik halako gaiekin. Hori eskaintzen dutela azpimarratzen entzuten ditugu hautagaiak: «Abenturarik ez». Jeltzaleek, gainera, modu estuan lotzen dute euren proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren jardunari, eta hori indargunea da haientzat, gaur egun. Gaiari buruzko inkestetan, EAEko egiturek, oro har, balioespen altua lortzen dute. Noski, ikuspegi horietan alderaketa zeinekiko egiten den ez da ahaztu behar: Hego Euskal Herriko biztanleek Espainiakoekin konparatzen dituzte euren politikariak.

Berritasuna, gai honetan, EH Bildurengan ikusten dut. Diskurtsoetan euren proiektua segurtasunari lotzen entzun ditzakegu hautagaiak, temati, ezkerrak ere hori eskain dezakeela gogoraraziz bezala. Gainontzeko alderdiak ere, bakoitza beretik, horretan ari dira. Adierazleaz gain, baina, kontzeptu horren atzean ezkutatzen diren ideiak dira funtsezkoak; hitz berdinekin egitasmo antagonikoak defenda daitezkeelako.

Alderdien kanpainak prestatu dituztenek ulertu dute krisi egoera orokor honetan —osasunarena, ekonomiarena, ekologiarena…— beldurra aldagai garrantzitsua izango dela. Eta, horren aurrean, segurtasunaren adierazlea bere egin nahi du bakoitzak.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide