Bat, lau, hiru, bost, zazpi

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko eka. 30a, 00:00

Benito Lertxundiren herri kantuak dio: «Zenbat gara? Bat, lau, hiru, bost, zazpi?». Bazkalostean kantuan jartzea erraza izan daiteke, baina matematikak egitea ez da horren sinplea. Nora eta nondik begiratzen dugun, alda daiteke emaitza: oihartzun handia izan zuen Iñigo Urkullu EAEko behin-behineko lehendakariak eta Kantabriako (Espainia) presidente Miguel Angel Revillak Bizkaiaren eta Kantabriaren mugan egindako topaketak. PPk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mapa erabili du kanpainarako, eta Trebiñun ez da zulorik ageri. Idoia Mendia PSEko hautagaia Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin eta Errioxako (Espainia) presidente Concha Andreurekin elkartu zen larunbatean, mugakide diren erkidegoen aliantza irudikatu nahaian: «Gure bizilagunak aliatu gisa ikusten ditugu, ez etsaien moduan». Horixe da kontua: nor dugun bizikide.

«Uztailaren 12tik kanpo ere jokatzen da etorkizuna gurean», zioen Onintza Enbeitak atzo, Iparraldeko udal bozei erreferentzia eginez. Zorrotzagoa izan zen Xabier Karril Twitterren: «Badirudi batzuk gaur [igandean] konturatu direla Bidasoaz bestalde herri honen zati bat dagoela». Eta ez da gutxiagorako. Alkateak hautatzeaz gain, zeharka aukeratu baitzituzten Euskal Elkargorako ordezkariak ere. Alegia, uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako nola, herenegun hautatu zituztela elkargoa osatuko duten hautetsiak. Nazio eraikuntzarako Revilla eta Andreu baino gureagoa ez ote den elkargoko lehendakaria, horra kezka.

Badirudi Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak asmoa duela beste behin elkargoko lehendakari izateko, baina ustekabean heldu da Hiriburuko alkate Alain Iriarten (EH Bai) proposamena. Taldean erabakiko dute aurrera egin ala ez, baina bere burua eskaini du lehian aritzeko. Edonola ere, uztailaren 17an egingo dute biltzarra hautetsi guztiek, Euskal Elkargoko egitura berria osatzeko. EAEko bozak izan eta bost egunera. Zoom out apur bat egiteko gai bagina, ohartuko ginateke, finean, astebete eskasean bi lehendakari hautatuko ditugula euskal herritarrok.

Eta mapa goitik begiratzen segituta, interesgarria da ikustea nola Ziburuko, Urruñako, Uztaritzeko eta Itsasuko alkateak abertzaleak izango diren datozen sei urteetan. Horrez gain, nabarmentzekoa da Senperen abertzaleek Dominique Idiartekin egindako aliantza. Ibai Iriartek zioen abertzaleak ahulen diren tokietan indartzen ari direla; «Aniztasunetik eraikitzen». Hain justu, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaiak sarri eskatu du PSE eta EH Bildurekin hiruko gobernua osatzea.

Hegoaldean, aliatuak eta bizilagunak nor diren definitzen ari dira hautagaiak. Lertxundik zioen: «Gure asmoak, esperantzak,herria, askatasuna, justizia, bakea, egia, maitasuna... Mitoak, hitz hutsak?». Ez. Hori ez.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide