Nazón de Breogán

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 3a, 00:00

Hala deitzen zaio Galiziari herrialdearen ereserkian, galiziarrak zeltekin lotzen dituen mitologia eztabaidagarriari erreferentzia eginez. Antza, ez da kasualitatea Breogan gizona nazioaren pertsonifikazio gisa erabili izana, nazioa indarrarekin lotu asmoz. Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, hauteskunde autonomikoak izango dira uztailaren 12an. Aurrekoan, Bozgora honetan bertan Maider Galardik gogorarazi zigunez, Ipar Euskal Herriko hauteskundeei erreferentzia oso gutxi egin zaizkio Euskal Herriko mendebaldeko kanpainan. Galiziako bozek ere gurean ez dute ia presentziarik izan, momentuz. Lasaigarri izan bedi euskal nazio ikuspegi batetik.

Espainia mailako alderdiak dira lotura hori egiten ari direnak, nabarmenegi ez bada ere, haien Madrilgo zuzendaritzetatik bultzatutako ekitaldietan eta estrategietan -PPren kasuan, Pablo Casado alderdiko buruak bi herrialdeetara egindako bisitak bezala-. EAJren kasua berezia da; izan ere, Galiziako haien aliatutzat har daitekeena alderdi oso txikia da -Compromiso por Galicia-, eta aurreikuspen guztien arabera, koalizio batean aurkeztuta ere, parlamentutik at geldituko da. EH Bilduk, bere aldetik, arrazoi gehiago izan ditzake BNG Bloke Nazionalista Galegoko lotura gogorarazteko, inkestak baikorrak baitira azken horren kasuan. Urrun gelditzen dira BNGk jeltzaleekin akordioak egiten zituen garaiak.

Uztailaren 12ko bi hauteskundeak alderatuz, Galizian bi dira zalantzak, bai behintzat inkestei kasu egiten badiegu: ea PPk gehiengo absoluturik eskuratuko ote duen, eta ea zein izango den ezkerraren burua: PSG Alderdi Sozialista edo, sorpasso-a emanez, BNGko nazionalistak. Galiziako PPren kasuan, gehiengo hori ezinbestekoa zaio; bestela, zenbakiek emango balute, gainontzeko alderdiek gobernu alternatibo bat osatzeko saioa egingo luketela gauza argia da eta. Ez litzateke lehenengo aldia izango, gainera. Alde horretatik, gauzak oso bestelakoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Elkarrekin Podemosek «ezkerreko gobernuaren» ideia bere kanpainaren ardatz bilakatu badu ere. Gaia, dena den, garrantzitsua izaten ari da kanpainan, eta EAJk ere azpimarratzeari ekin dio.

Bigarren desberdintasun bat ere adierazgarria da. Galizian, BNG bere hautagai Ana Pontón emakumea dela nabarmentzen ari da kanpainan; eta aukera dagoela -inkesten arabera zaila dirudien arren- Galiziak lehen emakumezko presidentea edukitzeko. Hala egin zuen hautagai nazionalistak Galiziako telebistako hauteskunde eztabaidan. Euskal AutonomiaErkidegoan, aitzitik, ez da aukera hori gehiegi nabarmentzen ari, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren artean horretan alderik ez dagoelako ziur aski.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide