Parte hartzea eta usteak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 5a, 00:00

Hauteskunde kanpainaren azken asteburuan murgilduta, honakoa kanpaina laua eta kontserbadorea izaten ari dela baiezta daiteke. Osasun egoerak guztia baldintzatu arren, deigarria egiten ari da alderdiek ekitaldi oso txikien alde egindako hautua. Zalantza nagusia parte hartzeak dirudi, eta horrek emaitzetan izan dezakeen eragina. Izan ere, boto oso gutxigatik Gasteizko legebiltzarraren osaeran aldaketa esanguratsuak gerta daitezke.

Hauteskundeei buruzko klixe bat izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek bozketa autonomikoetan parte hartze alturako joera izan dutela. Baina 2001etik parte hartzeak etengabe behera egin du, orduko %78ko mobilizaziotik orain dela lau urteko %60ra. Dena den, 2001 urteko hauteskundeak salbuespena izan ziren, Ibarretxeren eta Mayor Orejaren arteko konfrontazioa ardatz izan baitzuten bozketa haiek, euskal eta espainiar nazionalismoen arteko norgehiagoka agonikoa planteatuta. Gainontzean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea %60 eta %70aren artekoa izan da.

2001ean alderdi popularrak, eta espainiar nazionalismoak oro har, itxaropen handiak zituen abstentzioarengan. Hauteskunde autonomikoetan botorik ematen ez zutenak mobilizatzea lortuz gero, PPk eta PSEk gehiengoa lortuko zutela aurreikusten zuten. Uste hori oso zabaldua zegoen arren, hauteskunde gauean asmoak zapuztu ziren: polarizazio handiaren ondorioz, parte hartzea izugarri igo zen, bai, baina ez ziren PPren eta PSEren aldekoak soilik mobilizatu, EAJ-EA koalizioari botoa eman zieten 600.000 herritarrek botoen %42 erakutsi zuten bezala.

Kataluniako hauteskunde autonomikoei buruz antzeko ustea oso zabaldua egon da. Esaten zen hautesle batzuek Espainiako hauteskundeetan botoa ematen zutela gehiago orduan alderdi sozialistak irabazten baitzuen, eta beste batzuk autonomikoetan gehiago mobilizatzen zirela Convergenciak irabazi ohi zuen kasu horretan. Baina Katalunian, prozesu independentistaren eraginez, joera EAEkoaren kontrakoa izan da 2012tik: parte hartzeak asko egin du gora, 2017ko %82 izugarrira arte. Ordukoan plebiszitu kutsua hartu zuten hauteskundeek. Katalunian ere argi gelditu da abstentzioa hautesle mota zehatz batekin lotzea akatsa dela, eta politikaren jite agonikoak parte hartzea bultzatzen duela.

Oraingo hauteskundeotan ez da polarizazio gogorrik antzematen. Parte hartzea inoiz baino txikiagoa gertatzea posible da, eta hasi dira alderdi batzuk EAJ batez ere botoa ematearen garrantzia gogorarazten. Parte hartze txikiak alderdi nagusiei egiten omen die kalterik handiena; baina ikusiko dugu oraingoan ere baieztapen hori uste okerra ote den.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide