Mendigoizaleak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 8a, 00:00

Elementu garrantzitsua da mendia euskal iruditerian. Zehatzago, abertzaletasuna ere mendiari oso loturik egon izan da, XX. mendeko hastapenetan lehen mendigoizale abertzaleek euren jardunari ekin ziotenetik. 1920ko hamarkadan, aurretik herrialdeka antolatuta zeuden taldeak batu ziren, eta Euzko Mendigoxale Batza sortu zen, Eli Gallastegi Gudari-ren gidaritzapean. Talde horien inguruan garai hartako ildo independentista garatu zen, ondoren Jagi-Jagiren inguruan jarraitu zuena, euskal nazionalismoa zatitua zegoen garai batean. 1936ko gerran borrokatu zuten mendigoizale horien ildoa etenda gelditu zen, oro har. Historialari batzuen aburuz, ikuspegi honek ezkerreko abertzaletasunarekin izan zuen jarraipena.

Antza, mendiak elementu nabarmena izaten jarraitzen du. Aurreko astean, EAJk «Nos vamos a echar al monte» — «mendialdera goaz», euskaraz— gaztelaniazko leloa zabaldu zuen sare sozialetan. Esamolde horrek gaztelaniaz duen zentzu bikoitza baliatu zuten jeltzaleek, esaldi horrekin, mendira joateko deia egiteaz gain, borrokara edota muturreko posizioetara ere deitzen baita.

Kanpaina sareetan hedatu arren, Andoni Ortuzar EBBko buruak aurretik argitu zuen mendia ardatz izango zuen ekitaldi batzuez ari zirela jeltzaleak. Inork ez zuen kontrakorik espero, kanpaina honetan —eta kanpainatik at ere— ordenan eta moderazioan kokaturik baitaude jelkideak. Areago, kanpainan bi aldeetara begira ari da EAJ, abertzaletasunari eta aurretik Alderdi Popularrari botoa eman dioten sektoreei. Nago bigarrena nabarmenago egiten ari dela aste hauetan, mendirako deia ere egin arren.

Soziologia politikoan catch all-party edo alderdi orohartzaile deitzen zaie ideologia desberdinetako hautesleak erakarri nahi dituzten alderdiei. Jarrera horretan graduak daude; izan ere, gaur egun alderdi gehienek modu horretara jokatu nahi dute hauteskunde kanpainetan. Definizio ideologikoa azpimarratu baino gehiago, lelo orokor batzuen inguruan hautesleak bildu nahi dira. Baina alderdi orohartzaileek ezaugarri hori areagotzen dute, eta euren definizio ideologikoa lausotzen edo ezkutatzen dute. Ez genuke hegemoniarekin nahasi behar, azken horren norabidea aurkakoa baita: jendartean aldaketa kulturala eragin, ondoren egoera berri hori erakundeetan gauzatu ahal izateko.

Azkenean, igandean ekitaldi jendetsuak egin zituen EAJk, mendi tontor batzuetan. Ezohiko kanpaina honetan, paradoxikoki, ekitaldien formatua ohikoa izaten ari da oso, eta hedabideen arreta jasotzeko balio izan dute mendi igoera horiek. Edukiaren aldetik, ez zen mendigoizaleen eraginik antzeman, Iñigo Urkulluk argi baitu orohartzailea izaten jarraitzeko gai batzuk ezin direla eztabaidaren muinean egon.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide