Aitaren etxeak iraunen du zutik

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 9a, 00:00

Emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela zioen Simone de Beauvoirrek. Sexu-genero sistemaren arabera moldarazten dira rolak: emakume izendatuak otzana behar du, baina ez estuegia; emozionala, baina ez beldurtiegia; espazio publikoan egoteko arazorik ez duena, baina protagonismo handirik ez duena; zaintzailea dena, eta sumintzen ez dena. Feminitatea bestekotasunean eraikia izan da. Maskulinitatearen bestekotasunean, alegia. Gizona da eredua, benetako izakia; unibertsala. Hori guztia ez dena, berriz, andrea.

Horregatik, lehendakari diogunean, gizon bat datorkigu burura —horregatik, eta Eusko Jaurlaritzako burua beti izan delako gizonezkoa—, politikaz ari garenean, egiteko manera batzuk irudikatzen ditugu: planta sendokoak, eztabaidarako kementsuak eta «nortasun» handikoak. Baina emakumea egin egiten dela esateaz gain, egin egiten dutela esatea ere ez da astakeria. Are gutxiago, ETB2ko asteazkeneko eztabaidaren aurretik, adituen mahaiko aurkezleak Idoia Mendia eta Maddalen Iriarteren janzkeraren gaineko aipua egin zuela aintzat hartuta. Hurrengo orduetan zetorren maskulinitatearen eta feminitatearen performance-aren abisu moduko bat izan zen.

Irmo ageri zen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria eta EAJko zerrendaburua. Esaten zuenarekiko erabateko sinesmena zuela irudikatu zuen etengabe, baita emandako datuak okerrak zirenean ere. EH Bilduko Iriartek zioen Ordizian (Gipuzkoa) COVID-19agatik 35 kutsatu zirela; eta Urkulluk, ezetz. Tira eta tenka, hitz egiteko eta egoteko moduagatik soilik, egia jeltzaleak zuela zirudien azkenerako. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko hautagaia ere moztu zuen sarri Urkulluk. Ez, ordea Joserra Becerra Equokoa edo Carlos Iturgaiz.

Sarean, batek baino gehiagok aipatu zuen Becerrak irabazi zuela eztabaida, bere proposamenak bota zituela, eta kito. Baina, horretarako ere behar da «egoteko modu bat», behar da ziurtasuna eta ausardia. Ezaugarri horiek izan zituen Iturgaizek ere. Bati eta besteari egin zion aurre, nahiz eta gainontzeko hautagaiek jaramonik ez egin. Hitza hartzeko eta eztabaida bereganatzeko arazorik ez zuen izan.

Bestelakoa izan zen andre hautagaien presentzia. Batek irri urduria, besteak ziurtasun gutxi, eta PSEko Mendia non egon zen galdetu zuenik ere izan zen. Kontua ez da, ordea, ongi ala gaizki egin zuten. Kontua da zein irizpideren araberakoak diren eztabaida formatuak, eta zeinentzako den gune erosoa edo arrotza.

Eusko Legebiltzarra izan daiteke astearteko platoaren isla. Inoizko andre legebiltzarkide gehien egon dira joan den legealdian, eta, aurten, hautagai erdiak dira andreak. Baina politika egiteko eredua feminista ez den bitartean, aitaren etxeak iraunen du zutik, eta Ajuriaenean gizonak segituko du maizter.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide