Mezu antikapitalistaz beteriko disko batetik hartu du Urkulluk bere garaipenaren soinu banda

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 13a, 15:52

Gogoa nun dugu abestia kantatzen aritu zen atzo Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia, bere alderdiaren garaipena ospatzeko jaian. Hauteskundeetako iragarkietan ere erabili du kanta EAJk.

Gontzal Mendibil eta Xeberrik 1976. urtean argitaraturiko Zaurietatik dario diskoan plazaratu zuten kanta, eta hauek dira hitzak.

Gogoa nun dugu

Gogoa nun dugu, gazteok zer gara
indarrak alkartu eta goazen hauzira.

Aker zahar bat ezarri dauskue jainko
baina gu haren menpean ez izango
akerkume izan baino hiltzea nahiago.

Egia esan eta, hartzen dugu egurra
hala ere ez dugu onartzen gezurra
bihotza tinko ta urrun dugu beldurra.

Bide latza benetan igan behar duguna
nahiz eta egunetan dana dan iluna
noizbait helduko da amets dugun eguna.

Euskal musikaren Badok.eus atariak kontatzen duenez, Mendibilek Xeberrirekin egin zituen lehen urratsak kantari gisa, 1970eko hamarkadan, baina ondoren bakarlari moduan egin du bidea. «Bide emankorra. Hamar diskotik gora argitaratu ditu kantari bizkaitarrak, herri mugimenduari nahiz maitasunari eginiko kantuekin. Berak idatzi ditu kantatu dituen hitz asko eta asko, baina euskal poeta garaikide askoren olerkiak ere musikatu ditu, eta Jose Maria Iparragirre eta Aita Arruperi eskainitako diskoak osatu ditu».

Bitxia da Urkulluren hautua, edo ongi pentsatutakoa. Izan ere, disko hura kapitalismoaren aurkako mezuz betetako musika baitzekarren. Kanta horietako bat Kapitalismoak zuen izena, eta ez zuen anbiguotasunerako zirrikiturik uzten:

Kapitalismoak dakarren
katai ta zapalketa
izan dadila guretzat
indar askatzailea.

Nagusi lantokietan
baserri ta eskoletan
gure herriko nausiak
izan arte aurrera.

Aurrera langiledia
aurrera herri-gizona
etsaiak puskatu arte
jo dezagun aurrera.

Langile, nekazariak
euskaldun guztiak
ez dezagun gura herrian
klase diferentziak
egin dezagun biharko
Euskadi sozialista bat.

Disko berean dago, besteak beste, Bagare, Euskal Herriko lurralde batasunari gorazarre egiten dion kantua.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide