Nafarroako preso guztiak Iruñera ekartzeko eskatu du Foro Sozialak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 22a, 00:00

Otsailean eta martxoan, Nafarroako Gobernuak Bizikidetzaren Liburu Irekia delakoari ekarpenak egiteko prozesua egin zuen, eta Foro Sozial Iraunkorrak, egitasmo hori «ontzat» jo, eta prozesu horretan egindako ekarpenak aurkeztu zituen atzo Iruñean, Kondestablearen jauregian. Horien artean dago, pandemiaren testuinguruan, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko proposamena. Pandemiaren nondik norakoez harago ere, Foro Sozialak uste du gaur egungo legealdian «pauso irmoak» eman behar direla «espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko» preso nafarrei eta iheslari eta deportatuei.

Teresa Fagoagak eta Fernando Armendariz Foro Sozialeko kideek eman dute ekarpenen berri. Konfinamenduan «oso dinamika interesgarriak» izan direla deritzote. Nafarroan, Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek bat egin dute, eta haien egitasmoak «adostasun zabala» bildu du, hala alderdien nola sindikatuen artean. Dinamika hark proposatu duen bezala, Foro Sozialari «premiazkoa eta zentzuzkoa» iruditzen zaio garai hau baliatzea pausoak emateko espetxe politikan. Hartara, Nafarroako Gobernuari galdegin dio presoak ekartzeko plan orokor bat egitea, Jaurlaritzak egin moduan, osasun publikoa babesteko.

Halaber, Foro Sozialak kezka adierazi du azken hilabeteetan «katramilatu» egin delako bizikidetzari buruzko eztabaida, eta «elkarren kontrako bi eremutatik tentsioa jarri delako». Foroaren ustez, ildo batzuen presioak «arriskuan» jarri ditu alor horretan eman diren aurrerapausoak. Iraganean ainguratuta daudela deritzo, eta politikoki «ongi definituta» daudela: «Alde batetik, nahiz eta oso sektore minoritarioa izan, bake prozesuaren ukatzaileak daude, eta giro garratza sortzen dute; bestetik, garaileen eta garaituen logiketan iltzatuta geratu den lobbya dago: pisu garrantzitsua du, eta aurrerapenak baldintzatzen ditu».

Foro Sozialak nabarmendu du aurreko legealdian eta azken hilabeteetan lan asko egin dela elkarbizitzaren aldeko bidean, eta, adostasunak lortu diren honetan, eragile guztiei «iparra ez galtzeko» eskatu die. «Ez utzi arrastaka eramaten iraganean iltzatuta dauden sektore horien esku, orain arte aurreratutako bidea desegitea baino ez baitute helburu», argudiatu dute. «Zailtasunak handiak dira Nafarroan, baina argi izan behar dugu Nafarroako gizartearen gehiengoa konponbidearen eta bizikidetzaren logiketan dabilela».

Hiru presoren gerturatzea

Espainiako Espetxe Erakundeek Euskal Herriaren inguruko kartzeletara gerturatuko dituzte Gorka Vidal, Miguel Guillermo San Argimiro eta Iñigo Vallejo euskal presoak (EPPK), atzo esan zutenez: Vidal, Logroñokora (Kordobakotik); San Argimiro, Soriakora (Cacereskotik); eta Vallejo, Palentziakora (Sevillakotik).

Hirurak ere ETArekin lotuta atxilotu zituzten: Vidal 2004an, San Argimiro 2002an, eta Vallejo 2013an. Madrilek dio espetxe legedia onartu dutela, eta lehen biei bigarren gradua ezarriko diete; Vallejori, lehen gradu malgutua.

AVT elkarteak Espetxe Erakundeen neurria salatu du.

Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik -2018ko ekainetik-, aipatutako hirurak kontuan hartuta 36 euskal preso hurbildu dituzte Euskal Herrira, eta beste hamabi Euskal Herriratu.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide