Jaurlaritzak aukera bat ikusten du bizikidetzan aurrera egiteko

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko uzt. 23a, 00:00

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiak ongi hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana Eusko Legebiltzarraren polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen. «Biktimentzat albiste ona» dela esan du; haren arabera, ebazpenak «inflexio puntu bat ezarri du; biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan modu partekatuan aurrera egiteko aukera bat da». Epaiaren inguruko iritzia emateko agerraldia egin zuen atzo Fernandezek Gasteizen, Lehendakaritzan.

Iazko maiatzean, Ciudadanos taldeko 50 diputatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu zuten giza eskubideen kontrako motibazio politikoko urraketen biktimei aitortza eta erreparazioa emateko 12/2016 Legea aldatzeko 5/2019 Legearen aurka, «eskumenak gainditzeagatik» Espainiako Konstituzioaren aurkako lege bat delakoan, baina auzitegiak ez du aintzat hartu haren eskaera; ez du ontzat jo puntu bat bera ere.

Lege horrekin, Eusko Legebiltzarrak onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkie arrazoi politikoengatik 1978-1999 artean EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioen esku giza eskubideen bortxaketak pairatu zituzten herritarrei. Fernandezek esan du legea zuzentzen zaien biktimentzat pozgarria dela ebazpena, eta «bereizketarik egin gabe» tratatuko dituztela haiek. «Legearen konstituzionaltasuna baieztatzen duen epaia garrantzitsua da, eta ezetsi egin ditu legearen aurkako argudioak. Oso epai argia da edukiari dagokionez, ez du zalantzarik uzten, eta legearen garapena argitzen du hemendik aurrera».

Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetzako idazkari nagusiak dio baieztatu dela Jaurlaritzak baduela «zilegitasuna» errekonozimendua eta erreparazioa emateko estatuko funtzionario publikoek edo partikularrek giza eskubideen kontra motibazio politikoz eginiko urraketen biktimei. Gehitu du frogatu dela legezkoak direla erabilitako esparrua eta prozedura.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak esan du epai hori ona dela Nafarroako legearentzat.

«Memoria kritikoa» ere bai

Fernandezen hitzetan, Konstituzionalaren ebazpenak aukera bat ematen du giza eskubideen urraketa guztiek, «hilketa guztiek», «memoria kritiko argia eta zintzoa» izan behar dutela adosteko. «Nahitaez, haien bidegabekeria aitortu behar da, eragin duenak eragin duela, salbuespenik gabe, konpentsaziorik gabe, eta teoria justifikatzaile edo errugabetzailerik gabe».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide