Adostutako desadostasunak

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko ira. 4a, 00:00

Gatazkaz eta adostasunaz mintzatu ziren egunkari honetan Daniel Innerarity eta Jule Goikoetxea abuztuaren 23an; gatazkak eta adostasunak demokraziaren —demokratizazioaren— funtzionamenduan betetzen duten rolaz. Nork bere posiziotik, topagune bat aurkitu zuten; gatazka beharrezkoa da aurrera egiteko, baina gatazka orok behar du adostasun fase bat, gatazka politikoak ereindako uzta jaso ahal izateko. Adostasunik ezean, su txikian gorbezitutako platera izan daiteke gatazka.

Herri honen mendebaldean, autogobernua da su txikian kozinatzen ari den gatazka nagusietako bat. Lau hamarkada Euskal Autonomia Erkidegoaren zutoinak ezarri dituen estatutua erabat bete ezinik, eta gutxienez bi hamarkada hura berritzeko saio instituzionalak martxan jarri zirenetik. Harrezkero igaro dira autogobernu batzorde bat, Madrilek akabatutako estatutu proiektu bat, hiru lehendakari eta bost legealdi.

Juan Jose Ibarretxe buru zuen Jaurlaritzak aurkeztu zuen estatutu proiektuak albo ondorio ugari izan zituen, eta horietako bat izan zen PSE-EEren posizio aldaketa. 2001-2005eko legealdian, Eusko Legebiltzarrak estatutugaia onartu baino 11 egun lehenago, Estatutu gehiago ongizate gehiagorako. Gernikako estatutua erreformatzeko eta eguneratzeko oinarriak izeneko dokumentua aurkeztu zuten sozialistek. Bazuen berritasun bat: estatutua betetzeaz harago, hura eguneratzeko beharra azpimarratzen zuten. Gero iritsi ziren Loiola, Patxi Lopezen gobernua eta Urkullurena; azken zazpi urteetan eskutik gobernatu dute sozialistek eta jeltzaleek Jaurlaritzan; egonkortasun akordio bat eginez eta aurrekontuak adostuz lehenbizi, eta Jaurlaritza konpartituta ondoren.

Horregatik, deigarria da nola bi indar politikoak, gobernu akordioaren negoziazio lanetan aritu direnean, mugatu diren estatutua berritu behar dela adostera, edukietan sakondu gabe. Zazpi urteko bat egiteek ez dute balio izan EAJk eta PSE-EEk autogobernuaren alorrean irizpide komun bat adosteko: «Bi alderdiok 2016ko azaroan sinatutako itunaren edukiak berresten ditugu, eta askatasuna aitortzen diogu elkarri, bakoitzak bere postulatuak eta planteamenduak defendatzeko». Baina adostasunak (eta, beraz, adostasunaren barruan kabitzen ez denak) marko jakin bat definitzen dute: zer den garrantzitsua agenda politikoa ezartzerakoan, eta zer ez; zerk merezi duen gobernu baten lau urteko jardunean konpromiso bat hartzea. Eta zerk ez.

Hortaz, Jaurlaritza konpartituko duten bi indarrak ez badira gai hiru probintzien egituraketa berrian ados jartzeko eta Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adostutako oinarri eta printzipioen inguruko akordioa ez bada topagune bat, gobernuko alderdiek lau urte dituzte alor horretan zer sakondu eta egin nahi duten —eta norekin egin nahi duten— argitzeko. Kartak mahai gainean jartzeko garaia da.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide