Mugaren hegoaldean

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko urr. 17a, 00:00

Aitziber —ez da benetako izena— Japoniarekin eta japonierarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, baina euskarari buruz ez du ezer jakin gura. Hala ere, badu denbora —eta gogoa— japoniera ikasteko. Gradua bukatu eta gero Japoniara joan nahi du: Tokion gora eta behera ibili, herrialdeko kultura ezagutu, mangak irakurri... Aitziberrek euskal izena du, baina ez da euskalduna. Ez daki euskaraz, hemen jaio, hemen hazi, eta hemen bizi den arren. Ez du euskara gorrotatzen, ez. Berdin dio, besterik ez.

Maria Bouabdellah —benetako izen-abizenak dira— Kataluniarekin eta katalanarekin maiteminduta dago. Kazetaritza ikasten ari da, Aitziber bezala. Canal Malaia plataforma digitalean dihardu sarean katalanezko edukiak hedatzeko. Maria Gironako herri batean jaio zen. Gurasoak marokoarrak ditu. Deitura arabiarra du, baina katalana da. Katalanez ederki mintzatzen dela esaten diotenean, hauxe erantzuten du: «Ondo hitz egiten dut katalanez katalana naizelako, hemen hazi naizelako, lagunak katalanak ditudalako, katalanez ikasi dudalako eta katalanez bizi naizelako».

Ez da txikia Aitziberren eta Mariaren arteko aldea. Aitziberrek ez daki euskaraz. Ez du ikasi nahi izan. Areago: ez du euskara ikasteko batere asmorik. Hala ere, badirudi guri berdin digula. Katalunian inoiz gertatuko ez dena gertatzen da hemen: euskaldunok —hau da, euskaraz dakigunok— ez dugu begi txarrez ikusten hemen jaiotako lagun batek euskara baztertzea. Alderantziz: besoak zabalik hartzen dugu, txalotu ere bai, japoniera ikasten ari delako. Euskaldunok baino mendeko eta otzanagorik gutxi munduan. Hizkuntzari dagokionez, behintzat.

Hemen jaio, hemengoak izan eta hemengoak ardura ez dien gazteetako bat da Aitziber. Bera bezalakoak baldintzatzen ari dira gure etorkizuna, eta ez onerako. Zer-nolako itxura du etorkizun horrek haiek eta haien ezjakintasunak, indiferentziak edo mespretxuak agintzen badute gure giza harremanetan? Zertarako hainbeste kanpaina, Euskaraldia bukatu eta biharamunean Aitziber guregana etorri eta haren aurrean guk guztiok erdaraz egiten badiogu elkarri, hark japoniera euskara baino gogokoago duelako?

Geure jokaera aldatzeko bide luzea dugu aurretik, inoiz aldatuko badugu: lehenik eta behin, euskaldunon artean euskaraz egin beharko genuke —borroka horretan ari gara oraindik—. Gero, euskaldunon artean euskaraz egiten segitu, tartean erdaldun bat egon arren. Eta azkena: erdaldunari euskaraz egin, zuzenean. Baina hori gehiegizkoa izango litzateke. Gatazka linguistikoa piztuko luke —orain gatazka linguistikorik ez balego bezala— eta hemen gatazka bakarrak politikoa izan behar du. Besteak, nonbait, ez du lehentasunik.

Teorian hizkuntza eskubideak ditugu, baina Aitziber bezalako euskal herritarrek eskubide horiek kentzen dizkigute praktikan. Aitziber larrutzea izango litzateke errazena, baina erru osoa ez da Aitziberrena. Aitziber zerbaiten sintoma da: gure gizarteak eta erakundeek orain arte euskararen arloan izandako porrota erakusten du. Makal jokatzen dugu mugaren iparraldean zein mugaren hegoaldean. Ez du ematen arazoa epe ertainera konponduko denik. Datozen urteetan are malguagoak eta ulerkorragoak —are mendekoagoak— izan beharko omen dugu erdaraz alaitsu eta kementsu ari diren erdaldun elebakarrak alde subiranistara erakartzeko. Gora Irlanda!

Oso neska jatorra da Aitziber. Ezagutzen dutenek horixe esango dizute. Egun batean ametsa beteko du: mangak irakurriko ditu eta sakea edango du Tokion. Shinjuku aldeko pubetan jazza entzungo du: Duke Ellington-en Star-Crossed Lovers eta Nat King Cole-ren South of the Border. Eta hizkuntza bikain ikasiz gero, Yasushi Inoue, Chiyo Uno edo Haruki Murakami-ren eleberriak itzuliko ditu, baina ez euskarara. Eta guk Aitziber miretsiko dugu, «oso azkarra» baita. Pena da. Izan ere, mugaren hegoaldean —eta iparraldean— Aitziber baino Maria gehiago behar ditugu, Euskal Herria inoiz euskalduna izatea nahi badugu.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide