Biktimak erdigunean jartzeko beharra azpimarratu dute alderdiek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2020ko aza. 11a, 00:00

Memoriaren Egunaren harira, hainbat topaketa egin zituzten, atzo, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait tokitan. Eusko Legebiltzarreko kideek, esaterako, eguerdian arrosa zuriak utzi zituzten eraikinaren kanpoaldeko Gauerdiko iparrorratza eskulturaren pareko suontzi piztuan. COVID-19a dela-eta ezarritako segurtasun neurriengatik, mugatua izan zen ordezkaritza, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak, mahaiko kideek eta PP eta Vox ez beste alderdi guztietako bozeramaileek parte hartu zuten. Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldia Bilbon egin zuten arratsaldean, Gogora institutuaren egoitzan.

Eta izan zen besterik. Adibidez, Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatutako Oroimen historikoa eta giza eskubideak jardunaldien barruan mahai ingurua egin zuten legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako kideekin, Vox izan ezik. Aitor Urrutia (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu) eta Jon Hernandez (EP Elkarrekin Podemos-IU) parlamentariak, eta Rafaela Romero (PSE-EE) Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatua mintzatu ziren. Jose Luis Arrue Gipuzkoako PPren behin-behineko presidentea ere solasaldian aritzekoa zen, baina azkenean ez zuen Azpeitiko Basazabal jauregian egindako mahai inguruan parte hartu —solasgaiari buruzko hiruzpalau minutuko ikus-entzunezko grabaketa bat bidali zuen—.

«Enpatiaz irakurriz»

Sabino Ormazabal moderatzaileak galdetu zien ea orain arte zer egin den memoria historikoaren esparruan, eta zer egin daitekeen aurrerantzean. Urrutiarentzat, «lan txukuna» egin da. «Kontuan hartuta, gainera, nondik gentozen». Atzera egin, eta 2007an Espainiako Kongresuak onartutako Memoria Historikoaren Legeaz gogoratu zen. «Gaia agenda politikoan jarri zen orduan». Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak lege hori berrituko duen Memoria Demokratikoaren Lege aurreproiektua onartu zuen joan den irailean, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2021eko lehen seihilekoan onartu nahi du Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, ondoren legebiltzarrera eramateko.

Aurrera begirako lan ildoak zehazteko orduan, «hezkuntzan» jarri zuen fokua EAJko parlamentariak. «Jakinaren gainean egon daitezen, inportantea da gazteei egiten zaien transmisioa». Herenegun programa aipatu zuen, adibide gisa: «Hobetzerik badago». Urrutiak «kontakizunaren bataila» deitutakoa ere izan zuen hizpide. «Kontakizun bakar batera iristea ez da posible izango». Ikuspuntu guztiak bilduko dituen liburuaren aldeko apustua egiten du. «Non norberaren kapitulua ez ezik, gainerakoena ere enpatiaz irakurriko duen». Biktima guztien «ondoan» egotearen «garrantzia» nabarmendu zuen.

Arzuagaren esanetan, memoria historikoaz hitz egitean badago «historia banatzeko tentaldia». Baina EH Bilduko parlamentariarentzat, Euskal Herrian gertatutako «bortizkeria guztien elementu sortzaile bat» dago, eta hori da «1936ko estatu kolpea». Hori zehaztu zuen, hasteko, atzoko mahai inguruan. Iruditzen zaio, bestalde, legeak egin direla, eta horrek «alde onak» badituela. «Baina lege horiek guztiek osatzen dute panorama asimetriko, sakabanatu eta inperfektu bat». Salatu zuen, gainera, legeen arabera «biktimen mailaketa bat» egiten dela. Aipatu zuen legebiltzarrak 2008an onartutako Terrorismo Biktimen Legeak «listoia oso altu» jarri zuela, eta adibide bat plazaratu zuen, nahiz eta ohartu «oso egokia» ez zela. «Biktimen arteko mailaketa ikusteko, ikusi behar da legeetan aurreikusten zaizkien kalte-ordainak». Gogoratu zuen ETAk «hildako biktima batek» 250.000 euroko kalte-ordaina jasotzen duela. «Polizia gehiegikerien biktimen legearen arabera [2016an legebiltzarrak onartutakoa], kalte-ordaina 135.000 eurokoa da. Hildako batek zergatik balio du beste batek baino gehiago?».

EH Bildukoarentzat, «kontakizunaren borroka zoroan» zilegi da bakoitzak bere kontakizuna edukitzea. «Eta askotan gauza ez da zer kontatu, baizik eta nola kontatu. Ea baliagarria den ezberdinen artean beste giro bat sortzeko. Horretan huts egiten ari gara». Pentsatzen du, gainera, biktimei edo «esateko zerbait dutenei entzuteko ariketa» maizago egin behar dela.

«Bereizketarik egin gabe»

«Bereizketarik egin gabe», Rafaela Romerok «biktimak erdigunean» jartzeko eskatu zuen. «Memoria inklusiboa atsegin dut. Hori ematen digu urraketak jasan dituzten biktimen historiak». PSE-EEkoak, baina, ez du memoria «arautu» nahi. «Ez da ezarri behar kortse bakar batekin». Ez du «federik» kontakizunetan. «Biktimak dira batzen gaituzten aldagaia. Bestea, mina eskubide urraketatik datorrela».

Jon Hernandez Elkarrekin Podemosekoak 40 urte pasa egin zituen atzera, auziaren «oinarrizko gabeziak» azaltze aldera. «Diktaduraren ondoren ez zen egon justizia trantsizionalik, ez aldaketarik, oinarri demokratiko baterako».

Eta PPko Jose Luis Arruek nabarmendu zuen Euskal Herrian ez zela «gatazkarik» egon. «Hiltzen zuen talde bat egon zen», azaldu zuen, bideo batean. «EH Bildu ahalegintzen da biktimak eta borreroak berdintzen, eta, horretarako, hizkuntza okertzen du».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide