Bilaketa sakon bat egin du hemerotekan: jarri ditu mugitu, Euskal Herriratu eta preso hitzak, eta Euskaldunon Egunkaria-ko 1999ko irailaren 8ko azal bat agertu zaio —segur aski ezaguna, orduan kontzientzia izateko nahikoa adin zutenentzat—. Honela dio izenburu nagusiak: «Madrilek 105 preso mugituko ditu, baina 27 bakarrik Euskal Herriratuko». 105 preso. Alegia, gaur egungo presoen ia erdiak. Orduan, 453 ziren. Eta «bakarrik 27». Bakarrik: nondik begiratzen den. Gaur egun, 23 daude Euskal Herrian, tantaka-tantaka mugituak 2018ko abuztutik aitzina egin dituzten lekualdaketetan.
Arakatze azalekoago bat webguneko bilatzailean, eta Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasoren hitzak, hil honen hasierakoak, kazetariak erran baitio presoen aldeko taldeen ustez «gutxi eta motelak» direla egiten ari diren urratsak. Erantzuna: «Gobernuak ez dauka botoirik prozesu horiei erritmo desberdinak emateko. Argi gelditu behar da aurrerapauso horiek guztiak tratamendu espezifiko eta indibidualizatuaren emaitza direla». Zein bide indibidualizatu zegoen 1999an?
Orduan, PP zegoen Espainiako Gobernuan, Jose Maria Aznar presidente, eta Jaime Mayor Oreja orduko Barne ministroak iragarri zituen gerturatzeak, prentsaurreko batean. Santiago Abascal gaur egungo Voxeko presidentea Laudioko zinegotzia zen orduan: PPkoa. Arnaldo Otegik horrela baloratu zituen mugimenduak, Herri Batasuneko Mahai Nazionalaren izenean: «Mayor Orejak ez du borondaterik, urrats hau eman badu presioarengatik izan da». Lizarra-Garaziko garaia zen, eta ETAren su etenarena. EAJko Joseba Egibarren ustez, «ahulezia estali nahian hartutako erabakia» izan zen gobernuarena. PSOEk urrats «positibotzat» jo zuen.
2017an hartu zuen EPPK-k bide indibidualetan sakontzeko erabakia, eta 2018an hasi ziren hurbilketak. Baina presoak Euskal Herrira ekartzeko, berez, ez da halakorik behar: legez egon beharko lukete Euskal Herriko espetxeetan. Bada zerbait bitxia hor: Espainiako Espetxe Erakundeek presoak hurbildu edo Euskal Herriratuko dituztela iragartzen duten bakoitzean, ia inork baino lehen daki horren berri AVT biktimen elkarteak. Presoek eurek baino lehenago jakiten dute komunikabideek, eta hedabideek berri agentzietatik edaten dute: Efek aldi berean ematen ditu presoen gerturatzeen datuak eta AVTren salaketa oharra —gerturatze horiei buruzkoa—.
Gradu aldaketetarako bai, beharrezkoa da preso bakoitzaren eskaera. Espetxe bakoitzeko tratamendu batzordeek hiru hilean behin aztertzen dituzte lehen graduan dauden presoen txostenak, eta, gatibuak «arriskugarritasun» zantzurik ez badu, bigarrenera pasatu behar lukete. 2021a da, eta 2011n utzi zion ETAk indarkeria armatuari. 109 preso daude oraindik lehen graduan, «arriskutsu». Onintza Ostolaza abokatuak joan den azaroan BERRIAri erran zion oraindik ere «iraganeko argudioak» erabiltzen dituztela gradu progresioak ukatzeko: «Delituarekin lotuta dauden argudioak erabiltzen dituzte: delituaren larritasuna, erakunde terrorista baten jardunarekin lotura, kondenaren luzera, edo presoak ez diola iraganari edo ideologiari uko egin». Badago hor bertze datu inportante bat: Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak berretsi edo aldatu egin ditzake tratamendu batzordeen erabakiak, eta Espetxe Erakundeak Fernando Grande Marlaskak gidatzen duen Barne Ministerioaren menpe daude. Ez da inor baino argiagoa izan behar, halaber, ohartzeko badagoela erabaki bat asteroko hurbiltzeetan: zergatik areagotu dituzte bertzela Espainiako gobernu berria eratzearekin batera? Posible litzateke taldeko hurbilketa bat, berehalakoa, eta gradu aldaketa masibo bat? Posible, posible...
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide